Angela Etxaniz: "Antzerkia egitean sentitzen dudan adrenalina sekulakoa da"

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 16a, 12:00

Angela Etxaniz (eskuinean), 'Irrits' film laburraren une batean. (Irrits)

Maider Oleagaren Irrits film laburrean parte hartu du Angela Etxaniz (Azpeitia, 2002) aktore hasiberriak. Igandean estreinatuko dute lana, Malagako (Espainia) jaialdian. 

Nolatan iritsi da azpeitiar gazte bat Maider Oleagaren film labur batean parte hartzera?

Duela bi urte Madrilera etorri nintzen, antzerkia ikasi nahi nuelako. Beti izan nuen kuriositatea, baina ez nintzen ausartzen pausoa ematera. Eta azkenean, ausartu nintzen. Madrilera etorri nintzenean, antzerki eskola batean izena eman nuen; astean behin joaten nintzen hara. Egoera horretan nintzela, egun batean, Eneko Sagardoi aktorearen Instagram kontuan ikusi nuen Maider Oleaga hurrengo film laburrerako casting deialdia egiten ari zela. Nik orduan ez nuen Maider ezagutzen, baina pentsatu nuen: "Apuntatu egingo naiz, eta ea zer gertatzen den". Inolako esperantzarik ez nuen.

Baina aukeratu egin zintuzten.

Lehenik, proba bat egin nuen, online, eta casting hori gainditu egin nuela esan zidaten. Ondoren, beste proba bat egin nuen, aurrez aurre, Gasteizen. Beste protagonista izango zen aktorearekin batera egin nuen castinga, hura lehenago aukeratu baitzuten. Proba haren ostean jakinarazi zidaten nik antzeztuko nuela beste protagonista. Kasualitatea izan zen; ez nuen inondik inora espero.

Batzuetan horrelaxe izaten dira gauzak.

Bai, bai. Sekulako sorpresa hartu nuen, eta izugarrizko poza sentitu ere bai. Banekien film laburrean parte hartu behar zuen taldeak maila altua zuela eta lantaldeko aktoreak beste film asko egindakoak zirela. Jendeak oso ondo hitz egin zidan taldeaz, eta niretzako izan zen... Zera pentsatu nuen: "Sekulako maila dago, eta ni hemen, ofizio honetaz ezer ez dakien hasiberria...". Dena den, oso gustura nago aukera eman didatelako.

Madrilen bizi zarela esan duzu. Zer ari zara ikasten orain?

Work in Progress izeneko eskola batean ari naiz orain antzerkia ikasten. Udan grabatu genuen film laburra, eta han beste aktore batzuekin hitz egin ostean, erabaki nuen sakonago formatzea. Hasieran izena eman nuen antzerki eskola hartara astean behin bakarrik joaten nintzen, eta oraingo eskola honetan ordu gehiago ematen ditut. Horrez gain, Enpresa ikasketak egiten ari naiz. Betiko kontua: antzerkia egin nahi duenak badaezpada ere beste ikasketaren batzuk egin behar. Bi gauzak aldi berean egiten ari naiz orain.

Zer kontatzen du film laburrak?

Bi neskaren arteko istorio bat da lanaren muina. Udaleku batzuetan dago girotuta; bi neska begiraleak dira, eta han ezagutzen dute elkar. Beren artean sortzen diren pasioak eta bestelakoak kontatzen ditu.

Zer moduzko esperientzia izan zen grabaketa?

Grabatu aurretik, aterpetxe batean egon ginen entseatzen Maider, Izaro [Nieto] –beste protagonista– eta ni. Izarok eta biok ez genuen esperientziarik mundu honetan, eta momentu oro oso ondo zaindu gaituzte. Grabaketa guretzat sekulakoa izan zen; benetako udaleku batzuetan bezala sentitu ginen. Zuhatzako irlan egin genituen grabaketak, hango etxetxoetan lo egiten genuen, suaren inguruan esertzen ginen kantatzera... Ume bat izango banintz bezala sentitu nintzen; oso esperientzia polita izan zen.

Nolakoa da zuk antzezten duzun pertsonaia?

Klara izena du, eta nerabea da. 17 urte ditu; oraintxe ari da garatzen. Zer gustatzen zaion esperimentatzen ari da, baina oraindik ez daki oso ondo. Bere burua ezagutzen ari da, kuriositate handia dauka. Asko gustatzen zaio jende berria ezagutzea nahiz esperientzia berriak probatzea. Ausarta da, eta edozer gauzatara irekita dago bizitzako momentu honetan.

Angela Etxaniz zutik, grabaketaren une batean. (Irrits)

Izarok antzezten duen beste protagonista, agian, ez da hain ausarta?

Klarak Izarori musu ematen dio kontakizuneko une batean, eta orduan sortzen zaio kuriositatea Izarori; desira moduko zerbait sentitzen du Klararekiko. Izaro Klarak eramaten duen lekura joaten da, hark gidatzen du; haren eskutik bezala doa.

Ikusi al duzu emaitza?

Abenduan ikusi nuen, postprodukzioko prozesua amaitu zenean. Denok asko emozionatu ginen; sekulakoa izan zen. Mimo handiarekin egindako lana da, denok jarri dugu geure zatitxo bat, eta hunkigarria izan zen emaitza ikustea. Orain zain gaude; ea guk jarri dugun maitasun hori dena jendeari iristen zaion.

Zer bide egingo du ikus-entzunezkoak?

Igandean estreinatuko dugu, Malagako zinema jaialdian. Han lehiatuko da lehenik, baina oraindik ez dakigu oso ondo zer ibilbide jarraituko duen gero. Beste hainbat jaialditan aurkeztuko dugu, baina ez dakigu non.

Beraz, printzipioz azpeitiarrek ezingo dute ikusi, ezta?

Oraingoz, uste dut ezetz. Baina beno, espero dut hemendik pixka batera horretarako aukera egotea.

Antzerki munduan pixka bat muturra sartzen hasi zaren honetan, ba al daukazu beste proiekturik esku artean?

Irrits grabatu ostean, konturatu nintzen oraindik asko nuela ikasteko. Horregatik, une honetan formazioan ditut indarrak jarrita. Izan ere, beste lanen bat egiteko aukera iristen baldin bazait, baina erremintarik ez badaukat... Hori bai, aukeraren bat sortzen bada, ateak irekita dauzkat, baina batez ere ikastea da orain nahi dudana.

Etorkizunera begira, gustatuko al litzaizuke antzerkiaren mundua jorratzen jarraitzea?

Bai, noski. Pila-pila bat gustatzen zait mundu hau. Antzerkia egitean sentitzen dudan adrenalina sekulakoa da, eta hori ez dago ezerekin konparatzerik. Beraz, honetan jarraitzeko asmoa daukat.

Erika Olaizola azpeitiarrak ere parte hartu du film laburrean. Zertan aritu da hura?

Bai, bi azpeitiar izan gara lantaldean. Udalekuko begirale baten rola antzeztu du hark. Oso ondo moldatu naiz berarekin, baita beste lantalde guztiarekin ere. Esperientzia izugarri polita izan da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide