Korrikako petoak saltzeko postua jarriko du AEK-k ostiralean Azoka Plazaren atarian

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 16a, 11:00
22. Korrikaren petoa. (AEK)

18:30etik 20:30era arte egongo dira han. Petoak erosteko aukeraz gain, Korrika Laguntzaile egitea nahi dutenek ere bertan izango dute horretarako aukera.

Apirilaren 8an igaroko da 22. Korrika Azpeititik eta Urola-Kosta eskualdetik, eta bailarako AEK-k eta Korrika batzordeek lanean jarraitzen dute euskararen aldeko egitasmoaren etorrera girotzeko eta prestatzeko.

"Arropa salmenta arrakastatsuaren ostean", Azpeitiko Azoka Plazaren atarira itzuliko dira AEK-koak ostiral honetan, oraingoan Korrikako petoak saltzeko xedearekin. Etzi, 18:30etik 20:30era bitartean jarriko dute salmentarako postua.

Petoak erosteaz gain, Korrika Laguntzaile egitea nahi dutenek ere postu berean izango dute horretarako aukera. "12 euroren truke, Korrikari ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, laguntzaileek abantailak ere eskuratuko dituzte: astero zozketak, deskontuak... Aurten, gainera, berrikuntza gisa, eskualdeko AEK-k zortzi lagunentzako asteburu baterako zozketa egingo du", azaldu dute AEK-koek.

Martxoaren 27an, Xoxotera

Martxoko azken iganderako prestatzen ari diren ekintzaren berri ere aurreratu du AEK-k. Egun horretan, hilaren 27an, Xoxotera txangoa egingo dute Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako mendizale elkarteekin batera, "Korrikaren aurreko bi edizioetako ekimenari jarraipena" emanez.

Mendi irteera horren xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte antolatzaileek.