Osakidetzaren lehen arreta indartzea eskatzeko mozioa onartu du udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 9a, 16:24
Baigerako ordezkaritza zabala joan zen atzoko udalbatzarrera. (Mailo Oiarzabal)

Baigerak aurkeztu du testua, Lehen arretaren krisia Azpeitian izenburuarekin. Eusko Jaurlaritzari "osasun baliabide eta langile gabeziak osa ditzan" exijitzeko eskatu diote, besteak beste, udalari. EH Bilduren aldeko bozekin onartu zuten mozioa atzoko udalbatzarrean. EAJk kontra bozkatu zuen.

Osakidetzaren lehen arretaren egoerarekin eta COVID-19aren pandemiak azaleratu dituen gabeziekin "kezkatuta", Lehen arretaren krisia Azpeitian izeneko mozioa aurkeztu zuen Baigerak atzo, martxoko ohiko udalbatzarrean. Abenduaren 18ko data du testuak. Mozio hori onartu egin du udalak, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin.

"Kezkatuta gaude osasun politika osoa zalantzan jarri delako. Osakidetzatik ari dira eskatzen anbulatoriora ez deitzeko. Antigenoak norberak egin behar ditu etxean bere patrikatik ordainduta. Erantzukizuna herritarrengan laga al dute?", galdetzen du Baigerak mozioan, arazoa adinekoena ez ezik "herritar guztiena" dela gaineratuta.

"Lehen arretaren funtzio nagusia norbanakoak, pertsonak, osasun aldetik zaintzea izan behar" dela gogoratu dute herriko jubilatuen elkartekoek; eta "nahiz eta tenkatzen hasia zegoen zantzuak ikusi", pandemiaren aurretik funtzio hori betetzen zuela diote. Pandemiarekin, ordea, "gabeziak azaleratu egin dira", Baigeraren esanetan. "COVID-19a gainera erori zitzaigunetik bi urte pasatu dira jada. Azpeitiko anbulatorioko lehen arreta hankaz gora joan zaigu, maila handi batean. Telefonoa ezin hartu, zitak telefonoz eta espezialisten orduak mugarik gabe atzeratu, aztarnariak, erizainak... falta. Medikuarekin aurrez aurreko gutxiago egiten dira eta egiten diren harremanak telefonoz izaten dira gehienak, horrek esan nahi duen guztiarekin. Beldurra eta ziurgabetasuna nagusitu dira".

Baigerakoek baliabide gabezia, langileen gainkarga eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatzen dituzte mozioan, azken hilabeteetako bilakaerak izan ditzakeen ondorioekin kezkatuta agertzen dira, eta eskaera zehatz hauek egiten dizkiote udalari:

  • Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzari exijitu behar dio, azpeitiar guztien izenean, osasun baliabide eta langile gabeziak osa ditzan, horrek eskatzen duen inbertsio ekonomikoarekin.
  • Lehen arreta indartu behar da, egituratu eta behar den baliabidez osatu. Pertsonak behar du erdigunean, eta osasuna zainduko duten profesional konprometituak behar ditugu.
  • Urrian kanporatu zituzten 4.000 profesional sanitario, gehi aztarnariak berriro hartzea.
  • Antigenoak doan. Gardentasuna nahi dugu.
  • Baliabide ekonomikoak behar dira, aurrekontu mailako neurriak. Europan, batez beste, BPGaren %7 ari dira gastatzen, eta Espainian %6 inguru. EAEn, %4,9 baino ez. Mendebaldeko herrialde aberatsetan, ospitaleetan, batez beste, 1.000 biztanleko 4,7 ohe badira, EAEn 3,64 dira. Azken urteetan beheranzko joera nabarmena da, gainera. Gainera, Osakidetzako hamar langiletatik sei behin-behineko egoeran daude, hots, 24.600 langile dira behin-behineko; horietatik ia 9.000, duela zortzi urte edo gehiago ari dira lanean.
  • Munduko Osasun Erakundeak dio lehen arretan gastatu behar dela Osakidetzako aurrekontuaren laurdena, hau da, %25a lehen arretara bideratu beharko litzateke. Hemen, %14 inbertitzen da.
  • Bestalde, osasun langileei entzun behar zaie. Oso mesedegarri litzateke guztiontzat, pazienteentzat bereziki. Lan baldintza ez duinetan aritzearen ondorioak langileek jasaten dituzte, noski, baina baita pazienteek ere; zerbitzuak, azken batean.

Ondoko loturan irakur daiteke, osorik, Lehen arretaren krisia Azpeitian mozioa.

Ezezkorako arrazoiak

EAJk Baigerak aurkeztutako mozioaren kontrako botoa eman zuen atzo, edukiaren muinagatik baino, formarekin ez datorrelako bat. "Ez da ez gaudelako ados transmititu duzuen kezkarekin, baizik eta ez gatozela bat nola dagoen idatzita", esan zuen Rebeka Larrañaga zinegotziak. Baigerakoek udalean aurkeztu asmo zuten mozioa EAJren udal taldeari helarazi ziotenean, beraientzat garrantzitsuena sakoneko kezka erakundearen aurrean plazaratzea zela eta "aldaketak egiteko prest" agertu zirela azaldu zuen Larrañagak, Baigerakoen asmoa testu bateratu bat aurkeztea zelako.

Baigerakoek azaldutako "kezka erreala" dela eta "kezka horrekin bat" egiten dutela adierazi zuen Larrañagak. Hala ere, "Baigeran kolore politiko ezberdinetako jende anitz" dagoela kontuan hartuta, jubilatuen elkarteko ordezkarien testuko "puntu batzuk" nola zeuden idatzita ikusita, jeltzaleen taldean "talka politikotan hasteko" arriskua ikusi zutela gaineratu zuen zinegotziak. "Gizarte arloko gai batean, idatzi bateratu bat adostu nahi dugun leku batean, talka politikoetan hasi behar al dugu, edo kezka horren bozeramaile izan behar dugu?", formulatu zuen Larrañagak EAJkoen erreparoa. Horren aurrean, EAJk beste testu hau prestatu zuen –mozio gisara, nahiz eta atzokoan ez zuten udalbatzarrean aurkeztu–.

Baigerakoek, beren aldetik, EAJren testua aztertu dutela erantzun zuten, baina gaia "gehiegi luzatzen" ari zela gaineratu zuten, abenduan hasi zirelako mozioaren kontuarekin. Lehen arretaren egoeraren kezka udalean jubilatuen ekimenez landu izana nabarmendu zuten, bestalde; gai horri alderdiek, sindikatuek edo udalak lehendik heldu ez izanarekin "harrituta" agertu ziren atzo udalbatzarrean Baigera ordezkatu zutenak.

Idatzi bateraturik ez da egon azkenean, eta Baigerak bere testua aurkeztu eta udalak horri eman dio onespena, EH Bilduren Udal Gobernuaren babesarekin.