Ikasleen garapen egokian laguntzeko, Guraso Eskolak egingo dituzte

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 8a, 12:44
Azpeitiko Udaleko eta herriko ikastetxeetako ordezkariak, Guraso Eskolak aurkezten. (Azpeitiko Udala)

Martxoan eta apirilean hainbat saio egingo dituzte, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen gurasoei zuzenduta. Seme-alaben heziketan sor daitezken kezken aurrean, gurasoei tresnak ematea da helburua. Azpeitiko Udalak herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatu ditu saioak. 

Guraso Eskolak izango dira martxoan eta apirilean Azpeitian, udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean antolatuta. Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen garapen egokian sor daitezkeen oztopoei edo arazoei aurre egiteko, gurasoei tresna edo baliabideak eskaintzea da egitasmoaren helburua. Saioak gurasoen arteko komunikaziorako eta hausnarketarako guneak izan daitezen ere bada sustatzaileen asmoa. "Gurasoen kezka eta ardura gehienak antzekoak izan ohi dira. Zalantza horiek kudeatzeko tresnak eskaintzeko eta gaur egungo gaztetxoen errealitatea gertuagotik ezagutzeko helburuarekin antolatu ditugu Guraso Eskolak", adierazi dute sustatzaileek.

Aurten, ikastetxeetan gaztetxoen artean lantzen diren proiektuen baitako saioak antolatu dituzte. Guztira, lau saio izango dira; hiru Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoentzat, eta beste bat DBHko eta Batxilergoko ikasleen gurasoentzat. Gai bakoitzaren inguruko saio bana eskainiko dute ikastetxe bakoitzean, euskaraz. Era berean, gai bakoitzaren inguruko gaztelerazko saio bat ere egingo dute, Basazabalen, ikastetxe guztietako gurasoei zuzenduta. Saio guztiak 18:00etan hasiko dira.

Hona hemen saioen ordutegia:

  • Lehen Hezkuntzako gurasoentzat

Nola ez galdu mundu birtualean

-Martxoaren 21ean, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan.
-Martxoaren 23an, Karmelo Etxegarai Ikastolan.
-Martxoaren 22an, Iraurgi ikastetxean.
-Gaztelerazko saioa: Martxoaren 2an.

Nola hezi gure seme-alabak tratu onetan

-Martxoaren 29an, Iraurgi Ikastetxean.
-Martxoaren 28an, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan.
-Martxoaren 30ean, Karmelo Etxegarai Ikastolan.
-Gaztelerazko saioa: Martxoaren 31n.

Esku hartze goiztiarra

-Martxoaren 15ean, Iraurgi Ikastetxean.
-Martxoaren 16an, Karmelo Etxegarai Ikastolan.
-Apirilaren 4an, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan.
-Gaztelerazko saioa: Martxoaren 17an.

  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko gurasoentzat

Zure seme-alaben mundu birtuala

-Martxoaren 8an, Iraurgi ikastetxean.
-Martxoaren 9an, Karmelo Etxegarai Ikastolan.
-Martxoaren 29an, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan.
-Martxoaren 30ean: Urola BHIn.
-Gaztelerazko saioa: Martxoaren 10ean.