Hasi dira skate parke berriaren obrekin

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 8a, 08:38
Skaterako parke berriaren eremua. (Maialen Etxaniz)

Udalaren aurreikuspenen arabera, parkea eraikitzeko obrek hamasei aste inguru iraungo dute. Guztira, 303.908 euroko aurrekontua izango dute eraikuntza lanek. 

Izarraizko Atea parkean egin behar duten skate parke berriko obrak hasi dira dagoeneko. Zut Skateparks enpresak egingo ditu parke berria eraikitzeko obrak, udalaren lehiaketa publikoa irabazita. Atzo hasi ziren eremua egokitzeko lanekin, eta aurreikuspenen arabera hamasei aste inguru iraungo dute parkea eraikitzeko obrek. Parke berriak, guztira, 303.908 euroko aurrekontua izango du.

Izarraizko Ateko skaterako guneak 1.310 metro koadro inguruko eremua hartuko du. Bertan, street eta art skateboarding modalitateetarako egokia den azpiegitura egingo dute. Udalaren arabera, "erdigunean bainera" izango du, eta egitura berean hiru gune egingo dituzte. Ertz eta kurba desberdinak izango ditu, eta 4,5 zentimetroko spin-aren bidez elkartu eta zabalgunean bilduko dira. Horrez gain, street gunea ere egingo dute erdigunearen eta baineraren artean, patinatzeko elementu desberdinekin.

Herriko skate parke zaharraren lekuan zer egin aztertzen ari da udala, baina oraindik orain ez du proiektu zehatzik. Dena den, eremu hori "segurtasunagatik" itxi egingo dutela aurreratu zuen erakundeak.