Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea aldarrikatu dute Azpeitiko Ikastola Ikasberrin

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 5a, 10:21
Ikasberriko jolastokian egindako elkarretaratzeko irudia. (Azpeitiko Ikastola Ikasberri)

Lapurdiko, Nafarroa Beheko eta Zuberoako ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidearen alde elkarretaratzeak deitu zituen atzo Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, eta deialdiarekin bat egin zuen Azpeitiko Ikastola Ikasberrik. 

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako ordezkariekin eta Azterketak Euskaraz! kolektiboarekin batera,  Lapurdiko, Nafarroa Beheko eta Zuberoako ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidearen alde mobilizatzera deitu zituen ikasle, guraso eta langileak. Atzorako, martxoaren 4rako, egin zuten deialdia, eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat ikastoletan egin zituzten elkarretaratzeak, tartean Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Iparraldean ere, azterketak euskaraz lelopean elkartu ziren Ikasberriko atarian, goizez zein arratsaldez. 

Ikasleek baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izatea eskatu du Ikastolen Elkarteak, Seaskak eta Azterketak Euskaraz! kolektiboak. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ondutako zirkularrak horretarako aukera bat ireki bazuen ere, Bordeleko Akademiako errektoreak atea itxi die Seaskaren eskaerei.