Lau proiektuk Landaola sari bana jaso dute Azpeitian egindako ekitaldian

Andoni Elduaien 2022ko mar. 4a, 17:45

Landaola federazioak Azoka Plazan banatu ditu gaur, ostirala, V. Landaola Sariak. Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duten sei elkartek osatzen dute Landaola, eta horiek hainbat proiektu saritu dituzte: 'Baserritik zuretzat' proiektua, Hernaniko Udala, Nagore Martin ekintzailea eta Gomiztegiko Artzain Eskola.

Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egiteko asmoz, Landaola federazioak V. Landaola Sariak banatu ditu gaur, ostirala, Azpeitiko Azoka Plazan. Hain zuzen ere, lau sari banatu dituzte gaurko ekitaldian: Erakunde Publikoaren saria, Erakunde Pribatuaren saria, Emakumea Landa Eremuan saria eta Ibilbidearen saria. 'Baserritik zuretzat' proiektuak, Hernaniko Udalak, Nagore Martin ekintzaileak eta Gomiztegiko Artzain Eskolak jaso dituzte horiek.

Erakunde pribatuei dagokien saria banatu dute lehendabizi; 'Baserritik zuretzat' kooperazio proiektua saritu dute, elikagaien merkaturatzeari lotutakoa. Proiektuaren xedea da Gipuzkoan elikadura sistema jasangarria garatzea eta txertatzea, komertzialki nahiz ekonomikoki errentagarria den euskal produktu sare bat antolatuta. Aldi berean, eroslearentzat berme marka bat sortzea ere bada proiektuaren helburua.

Garikoitz Nazabalek jaso du saria, eta hark adierazi duenez, "gabezia batzuen aurrean erreakzionatzeko" sortu zuten proiektua. "Gertuko merkataritzari balioa eman nahi izan diogu. Erraztasunak izan ditugu proiektuak garatzeko, eta hemendik hamar urtera ere sari hau merezi izaten jarraitzea nahi genuke; denbora izango da lekukoa". Lartzandieta baserria, Irrika gluten free bakery proiektua, Katamixarren basoa naturgunea, Beiztin berri sendabelarrak eta Latxari proiektua ziren sari hori eskuratzeko gainerako hautagaiak.

Erakunde publikoaren arloan, berriz, Hernaniko Udala (Gipuzkoa) nabarmendu dute, Hernani Burujabe proiektua tarteko. Izan ere, elikadura burujabetzan aurrera egiteko tokiko elikadura sistema propio bat eraikitzea nahi dute, eta, horretarako, fase guztietan esku hartuko duen gobernantza eredu publiko, ekonomiko eta herritarra ezarri. Era berean, nekazaritzarako nahiz abeltzaintzarako lurren berreskurapenean ere eragin nahi du erakundeak, ekoizle berriak sustatuz eta tokiko ekoizpenaren transformaziorako zein merkaturatzerako baliabideak eta azpiegiturak eskainiz.

Hernaniko Udalaren izenean, Oier Agirresarobek jaso du saria. "Saria jasotzeak ilusioa egiten digu, batik bat, proiektuak dituen inplikazio guztiengatik. Azken urte hauetan lan handia egin da udaleko Tokiko Garapen sailean, lehen sektorearekin eta herrigintzarekin harremana izateko. Hernani Burujabe da horren emaitza, eta hastapen prozesuan badago ere, aurrekariek ekarri dute honaino. Ibilbide luzea izan dezakeen egitasmoa da, eta emaitza borobilak emango dituena". Elgetako Herri Eskola, Mendaroko Udala, Madura elikagai elkartea zein Segurako Udala, Baliarraingo Udala eta Saiaz Mankomunitatea ziren saria jasotzeko beste bost hautagaiak.

Emakumeak Landa eremuan saria Soraluzeko (Gipuzkoa) Nagore Martin ekintzaileari eman diote. Duela bederatzi urte ahuntz alpinoen ustiapena jarri zuen martxan Martinek, eta egun, lanaldi osoz nekazaritzan aritzen den Soraluzeko baserritar bakarra da. 90 ahuntz inguru ditu hark, eta Gipuzkoan dauden lau ahuntzainetako bat da. Gainera, urtean 2.500 kilo gazta ekoizten ditu, eta gazta hiru modutan merkaturatzen du, Egotza izenarekin. Egiten duen lana "gustuko" duela esan du Martinek. "Lana familiarekin nagoen bitartean egiten dut, eta oso eskertuta nago gure gazta erosten dutenekin. Ikaragarria da niretzat sari hau jasotzea".

Bestalde, Gomiztegiko Artzain Eskolaren ibilbidea ere saritu du Landaola; izan ere, aurten 25 urte bete ditu. 1997an, bederatzi ikaslerekin jarri zuten martxan proiektua, artzain munduaren egoera larriari irtenbidea emateko. Harrezkero, 307 ikasle igaro dira eskolatik –244 gizon eta 63 emakume–. Urte hauetan guztietan prestakuntza eredu propioa garatu dute, prestakuntza enpirikoa, enpresako praktika etengabea, ardien eta ahuntzen balio-katearen ezagutza integrala, baserri enpresako bizipenak, eraginkortasuna eta lankidetza landuz. Batis Otaegi eta Ekain Murua artzain eskolako koordinatzaileek jaso dute saria, eta eskolatik igaro diren pertsona guztiak izan ditu gogoan Muruak: "Hasiera haietan, Nikolas Segurola artzaina izan zen bultzatzaile nagusia, eta harrezkero, Otaegi izan da eskolaren bihotza. 300 neska-mutil pasatu dira eskolatik, eta egun, erdiak baino gehiago sektorean ari dira lanean. Hori oso pozgarria da guretzat".

Ekitaldia Azpeitian egitea, "ohorea"

Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren aldeko lan egiten du Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goimene, Tolomendi eta Urkome landa garapen elkarteek osatzen duten Landaola federazioa. Aipatutako tokiko sei elkarteekin batera, mahai horretan parte hartzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako landa garapen ordezkariek, eta hain zuzen ere, Landaolak berak aukeratu ditu aurtengo hautagaiak eta sarituak.

Sarien hautaketa egiterakoan, proiektuak baldintza eredugarriak, proiektuak landa eremuko biztanlerian duen eragina nahiz proiektuak sortutako lanpostu kopurua, hedapena, oihartzuna eta eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza hartu dituzte kontuan landa garapen elkarteek.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, erakundeetako ordezkariak ere; tartean, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Hark nabarmendu duenez, "ohorea" da Landaola sariak Azpeitian, eta bereziki, Azoka Plazan, banatzea. "Azoka Plaza bertako eta garaiko produktuen eta proiektuen plaza izateko sortu zen duela lau urte. Urte hauek guztiek erakutsi digute herriaren motorretako bat dela, gaitasun handia duela". Alkateak hautagaiak zoriondu ditu egindako lanagatik. "Zuek zarete lehen sektorearen etorkizuna, eta lanean jarraitzeko animoak eman nahi dizkizuet".

Ana Eizagirre Landaola federazioko presidenteak erakunde guztien arteko batasuna azpimarratu du, herria "guztiok bat eginda" egiten dela adierazita. Proiektuak egin eta garatu dituztenek egindako lana ere txalotu du hark. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekarako Zuzendaritzako aholkulari Iñaki Labakak ere bide beretik jo du, eta hark ere ekintzaileak zoriondu ditu. Ingurumenean egin du Labakak azpimarra. "Ingurumenarekin harremana errespetu handiz eta modu jasangarrian egiten da, eta ohartu behar dugu ingurumenak ekarpen handia egiten diola bai gizarteari, bai gizakiari".