Karnabalak 2022

Ikastetxeetan bihar egingo dituzte mozorro festak

Julene Frantzesena 2022ko ots. 24a, 17:19
Ikasle ugari mozorrotuta.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek ikastetxeetan egingo dituzte jaiak, arratsaldez; Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek, berriz, euskal inauterien kalejira egingo dute 18:30ean hasita.

Herriko ikastetxeetako ikasleak ere prest dira karnabalak ospatzeko. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek ikastetxeetan egingo dituzte jaiak; Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek, berriz, euskal inauterien kalejira egingo dute 18:30ean hasita.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Euskal Herria auzuneko eraikinean 15:45ean hasiko dituzte dantzak; Perdillegi kaleko eraikinean, berriz, 15:15ean ekingo diote festari. Dantza saioen ostean, Zutarri guraso elkarteak prestatutako txokolateaz gozatu ahal izango dute bi eraikinetako ikasleek.

Karmelo Etxegaraiko zuzendaritzak gurasoak gonbidatu ditu antolatu dituzten ospakizunetan parte hartzera, azken boladan ikasleek eta irakasleek soilik egin dituztelako halako ekintzak. Dena den, eguraldi txarra egiten badu, jaia ikasleentzat eta irakasleentzat soilik izango dela adierazi du.

Iraurgi Ikastetxean, berriz, goizean mozorrotuko dira haur eskolako ikasleak, eta 15:00etatik aurrera, dantzarako nahiz kanturako tartea izango dute Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek. Zehazki, LHko bigarren zikloko ikasleek euskal inauterietako pertsonaiak landu dituzte, eta bihar jantziko dituzten mozorroak horri lotutakoak izango direla aurreratu dute ikastetxeko ordezkariek.

Euskal inauterien kalejira

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko HHko, LHko, DBHko nahiz Batxilergoko ikasleek euskal inauterien jaialdia aterako dute kalera bihar arratsaldean, eta horrekin hasiko da herrian karnabaletako jai egitarau ofiziala.

18:30ean hasiko dute kalejira Olazko Andre Mariaren plazatik, eta handik Alde Zaharrean barrena ibiliko dira, hainbat geldialdi eginez. Joariak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, kotilungorriak, txatxoak eta zanpantzarrak ibiliko dira kalejiran, eta hainbat dantza egingo dituzte horiek.