Karnabalak 2022

Karnabaletan, beti bezain menu oparoa

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 21a, 14:44
2020ko Euskal Inauterien Jaialdiko irudi bat.

Azpeitiko Udalak gaur kaleratu du karnabaletako egitaraua, eta ez dago inolako zalantzarik: duela bi urteko jaien oso antzekoak izango dira aurtengoak. Ostiralean hasiko dira festetako ekintzak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak egingo duen Euskal Inauterien Jaialdiarekin. 

Egun batzuk baino ez dira falta karnabaletarako, eta udalak gaur bertan kaleratu du festa horietarako egitaraua. Ez dago inolako zalantzarik: duela bi urteko jaien oso antzekoak izango dira aurtengo karnabalak. Antolaketa lanak ohi baino azkarrago egin behar izan badituzte ere, azkenean, ekitaldi guztiak antolatzeko moduan izan direla azaldu du udalak. Osasun larrialdi egoera bertan behera utzi ostean, otsailaren 11n erabaki zuten eragileek eta udalak aurtengo karnabalak ohiko moduan antolatzea, eta ordutik, buru-belarri aritu dira zeregin horretan.

Asteburuan, motorrak berotzeko, kaldereroak eta karnabaletako kontzertua izan dira, eta datorren ostiraletik aurrera hasiko dira ofizialki karnabaletako ekintzak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak egingo duen Euskal Inauterien Jaialdiarekin. Azpeitiko Udalak gogorarazi du beharrezkoa dela segurtasun eta prebentzio neurriak betetzea herritar guztien osasuna babesteko; hala, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean maskara jantzi behar dela adierazi du erakundeak.

Mozorro sariketak

Ohi bezala, tabernek mozorro sariketan parte hartzeko aukera izango dute Astelehen Karnabalean. Lehiaketa horretan parte hartu nahi duten tabernek aurrez izena eman behar dute: gaurtik ostiralera bitartean izango dute horretarako aukera, Kultura Sailean (943-15 70 68). Tabernak ere mozorrotzera eta festaren parte izatera animatu nahi ditu udalak lehiaketaren bidez. Mozorro onenaren saria jasotzen duen tabernak afaria irabaziko du.

Era berean, herritarren mozorro lehiaketa ere egingo dute. 00:00etan izango da sari banaketa ekitaldia plazan, eta honako sari hauek banatuko dituzte: banakakoen artean, 200 euro eskuratuko ditu lehen sarituak, 150 euro bigarrenak eta bi afari hirugarrenak; taldekakoen artean, berriz, 800 euro jasoko ditu lehen sarituak, 700 euro bigarrenak, 500 euro hirugarrenak eta afariak laugarrenak.

Egitaraua

Otsailak 25, ostirala.

  • 18:30. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideen euskal inauterien kalejira.
  • 20:00. Vulk eta Tatxers taldeen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.

Otsailak 26, zapatua.

  • 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, haurrentzako parkea Izarraitz pilotalekuan.

Otsailak 27, Jai Karnabala.

  • 09:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.
  • 11:30. Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen diana.
  • 11:30. Incansables txarangaren kalejira.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan. Ganadutegia: Lopene.
  • Egun osoan, XLII. Sokamuturra Argazki Leihaketa, Azpetiko Argazki Elkarteak antolatuta.
  • 12:30ean hasita, artzain-inudeen eta danborjoleen kalejira, Itsasi dantza taldearen eskutik. Sansebastianetako karroza ere ikusgai izango da. Gainera, Eltziegoko gaiteroak eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariak kalez kale ibiliko dira Incansables txarangarekin.
  • Eguerdian, Incansables txaranga.
  • 14:00. The Mackensys Clan Band.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak zezenaren irteera girotuko dute Plaza Txikian. Ondoren, txistulariek zezenaren ibilbidea egingo dute.
  • 16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. Ganadutegia: Bergara.
  • 17:00. Gora kasete haurrentzako kantu eta dantza emanaldia, Matxinada plazan.
  • 19:00. Rock Kalean elektrotxarangaren kalejira.
  • 19:30. Gaur Erdi txarangaren emanaldia.
  • 19:30. Josu Rodriguez DJaren emanaldia, plazan.

Otsailak 28, Astelehen Karnabala.

  • 11:00. Sokamutur txikia Erdikalean, eta zezen txikiak eta poniak plazan. Ganadutegia: Arno.
  • 12:30. Mozorrotutako haurren desfilea, Banda Gaztearen, txilibitu-jotzaileen eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilarien laguntzarekin. Ondoren, Gaur jaia taldearekin dantzaldia, plazan.
  • 13:00. Txorotxaranga, Alde Zaharrean.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak zezenaren irteera girotuko dute Plaza Txikian. Ondoren, txistulariek zezenak egingo duen ibilbide bera egingo dute.
  • 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Lopene.
  • 17:00. Hemendikara zirku ikuskizuna, Matxinada plazan.
  • 18:30. Deiadar txarangaren kalejira.
  • 19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.
  • 20:00. Mozorro lehiaketaren hasiera.
  • 20:00. Davila DJa, plazan. Gainera, Brincadeira perkusio taldearen kalejira.
  • 23:30. Oihan Vegaren emanaldia, plazan.
  • 00:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, plazan.
  • Ondoren, Psychoclown perkusio taldearen emanaldia.

Martxoak 1, Astearte Karnabala.

  • 01:30. Los Pasai txarangaren kalejira.
  • Ondoren, Itsasi taldeko ttuntturroak.
  • 06:00. Udal Musika Bandaren goiz-eresia.
  • 07:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Lopene.
  • 12:00. Banda Gaztearen kalejira.
  • 16:15. Zezenaren irteera Izarraitz txistulari taldeak nahiz Banda Gazteak girotuta. Izarraitz txistulari taldeak zezenaren ibilbidea irekiko du.
  • 16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. Ganadutegia: Arno.
  • 17:00. Piraten istorio bat emanaldia, Sanagustin kulturgunean. 
  • 18:00. Irulitxa txaranga, kalean.
  • 20:00. Suzko zezena, plazan, Irulitxa txarangak lagunduta.