Karnabalak 2022

Zartagin hotsak eta irribarreak hedatu dira kaldereroen etorrerarekin

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 19a, 20:29

Kaldereroen kalejira egin dute arratsaldean, eta jende ugarik parte hartu du ekintzan. Trapu zaharrak soinean eta zartaginak eskuan aritu dira kantuan. 

Karnabalak iragarriz, kaldereroak iritsi dira arratsaldean herrira. Urtebeteko etenaren ostean berreskuratu dute haien kalejira, eta erantzun ona izan du deialdiak; izan ere, jende ugarik parte hartu du ekintzan. Trapu zaharrak soinean eta zartaginak eskuan, giro ederra hedatu dute herriko kaleetan barrena.

San Martin egoitzaren parean elkartu da kaldereroen konpartsa, eta han abestu  ostean, Alde Zaharrean barrena egin dute kalejira: Goikokale, plaza nagusia, Enparan kalea, Erdikalea eta Donejakue zeharkatu dituzte, eta plazan amaitu dute ibilbidea. Kalejira horretan zehar, Trapu zaharrak eta Kalderero martxa jo dituzte.