Karnabalak 2022

Artzain-inudeen desfilean danborra jotzen atera nahi duten herritarrentzat bi entsegu antolatu ditu udalak

Julene Frantzesena 2022ko ots. 16a, 11:55

Artzain-inudeekin batera, 2020ko Jai Karnabalean atera zen danbor taldea, plazan.

Ostiral honetan eta datorren ostegunean izango dira bi entseguak, Itsasi dantza taldearen egoitzan, 20:00etan hasita. Parte hartu nahi duten herritarrek entsegura joan edo 943-15 70 68 telefono zenbakira deitu beharko dute. Gainera, desfile horretan figurante moduan ateratzeko deia egin die herritarrei Itsasik.

Ate joka dira karnabalak, eta aurten ere izango da artzain-inudeen kalejira Jai Karnabalean. Hori dela eta, ohiko moduan, kalejira horretan danborra jotzen ateratzeko aukera izango dute hala nahi duten herritarrek.

Danbor taldean parte hartu nahi dutenek entseguetara joan edo 943-15 70 68 telefono zenbakira deitu beharko dute. Izan ere, Azpeitiko Udalak kalejiran joko dituzten piezak entseatzeko bi hitzordu jarri ditu. Hain zuzen ere, ostiralean, otsailaren 18an, eta otsailaren 24an, ostegunez, izango dira bi saioak, 20:00etan hasita, Itsasi dantza taldearen egoitzan (Urola kalea 6, behea).

Bestalde, Itsasi dantza taldeak artzain-inudeen desfilearen atzetik figurante lanetan atera nahi duten herritarrentzat deialdia egin du. Herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu taldeak, eta animatzen direnek 630 06 59 95 telefono zenbakira deitu beharko dute.