Osasun larrialdia eta ezarrita zeuden murrizketak bertan behera utziko dituzte

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 10a, 19:44
Erkoreka, Urkullu eta Sagardui, Labiren gaurko bileran. (Irekia)

Astelehenetik aurrera izango du eragina Labi aholku batzordearen ondoren Eusko Jaurlaritzak gaur arratsaldean hartu duen erabakiak. Horrela, besteak beste, indarrean zeuden edukiera eta ordutegi mugak desagertu egingo dira.

01:00etan ezarrita zegoen jarduera guztietarako gehienezko itxiera ordutegia, edukieraren mugak, ekitaldietako ikusleen gehienezko kopuruak, ostalaritza guneetakoak, toki itxietako kirol jarduerenak edota gaueko aisialdiari ezarritakoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren aurrean indarrean ziren neurri murriztaile guztiak bertan behera uztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Labi aholku batzordearen gaur arratsaldeko bileraren ostean. Astelehenetik aurrera izango du eragina gaur hartutako erabakiak; asteburuan, beraz, indarrean izango dira oraindik murrizketak.

Izan ere, joan den abenduaren 3tik indarrean zen osasun larrialdi egoera ere bertan behera uztea erabaki dute gaur, COVID-19aren pandemia hasi zenetik hirugarren osasun larrialdia da bukatzera doana. 2021eko maiatzean altxatu zuten 2020ko udaberritik indarrean egon zena, baina joan den abuztuaren 17an ezarri zuten berriro; urriaren 7ra arte iraun zuen bigarren osasun larrialdiak, eta joan den abenduaren 3an ezarri zuten gaur altxatzea erabaki dutena.

Datuen bilakera, txertaketa maila eta omikron aldaerak batez beste ospitaleratze "askoz gutxiago" eragiten dituela kontuan hartuta erabaki du Jaurlaritzak osasun larrialdia eta murrizketa guztiak bertan behera uztea, Iñigo Urkullu lehendakariak bilera ondoren adierazi duenez. Murrizketak albo batera uztearekin batera, "zuhurtasuna mantentzeko" deia egin du Urkulluk.