Piztiak taldeak 'Begietara begiratu' singlea kaleratu du

Julene Frantzesena 2022ko ots. 10a, 09:08

XXX diskoa kaleratuko du aurten Piztiakek, eta lehen singlea entzungai da dagoeneko: Begietara begiratu. Martxoan hasita, hainbat kontzertu eskainiko ditu taldeak. Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat musikari dira Piztiak proiektuaren parte.

Piztiak musika taldeak 30 urte bete zituen iaz, eta urtemuga horren harira, XXX diskoa kaleratuko du aurten. Taldeak kaleratu dituen zazpi diskotako hainbat abesti nahiz bi kanta berri jasoko dituzte lan berri horretan; Barru barrukuk eta Begietara begiratu dira bi doinu berri horiek, eta hain zuzen ere, horietako bat aurkeztu du Piztiakek: Begietara begiratu.

Txomin Uribe Azpeitiko bizilagunak egindako abestia da, etxean gaixotasun larri baten ondorioz bizi izandakoaz eta galera sentipenaz sortutakoa. Taldeak azaldu duenez, gaixotasun larri bat eduki duenari eta haren ingurukoei eskainitako kanta da.

Piztiak taldea martxoaren 10ean hasiko da disko berriaren bueltako emanaldiekin. Besteak beste, Bilbon, Algortan, Tolosan eta Azkoitian eskainiko ditu taldeak kontzertuak.

Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat kidek jotzen dute Piztiaken; Uribez gain, Jesus Galan azpeitiarrak eta Peio Larrañaga azkoitiarrak. Gainera, taldeko kide dira Josu Aranbarri nahiz Jose Lastra.