Karnabalak 2022

Kantujirako kideak entseatzen hasi dira Ostegun Gizen egunean herriko kaleak alaitzeko asmoz

Maialen Etxaniz 2022ko ots. 4a, 16:19

"Ahal izatekotan" kaleak kantuz alaitu nahi ditu Kantujirak Ostegun Gizen egunean. Modu horretan, Kantujirak pandemia aurretik zuen ohiturari jarraituko dio.

Aspaldian nahi baino isiliago egon diren arren, Azpeitiko Kantujira taldeko kideak hasi dira pixkanaka-pixkanaka eztarriak urratzen. Egoerak baimenduko balu, "ahal izatekotan", Ostegun Gizen egunean "herriko kaleak eta bihotzak alaitzeko asmoz" entseatzen hasi dira Kantujirakoak. Atzo, osteguna, egin zuten entsegua Baigera Ieko lokalean. 

Pandemia aurretik urtero ateratzen ziren kalera Kantujirako kideak Ostegun Gizen egunean, eta mozorroak soinean jantzita, Alde Zaharrean barrena ibiltzen ziren Karnabal usaina herrian zabalduz.