Karnabalak 2022

Karnabalak ospatu edo ez otsailaren 13tik aurrera erabakiko du udalak

Julene Frantzesena 2022ko ots. 3a, 14:11

2020ko Astelehen Karnabaleko irudia.

Udalak azaldu duenez, gaur-gaurkoz indarrean diren neurri murriztaileak tarteko, ez dago jaiak ospatzeko aukerarik. Dena den, ikusteko dago otsailaren 13tik aurrera zer gertatuko den neurriekin. Herriko osasun egoera ere giltzarria izango da erabakia hartzerakoan.

Azpeitiko Udalak oraindik ez du erabaki aurten Azpeitian karnabal jairik izango al den. Erakundeak Uztarria.eus-i azaldu dionez, otsailaren 13ra arte luzatu ditu Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren pandemia dela-eta ezarritako neurri murriztaileak, eta horiek "erabat" baldintzatuko dute jaien inguruko erabakia.

Udalak azaldu duenez, gaur-gaurkoz indarrean diren neurriak tarteko, ez dago jaiak ospatzeko aukerarik. Dena den, ikusteko dago otsailaren 13tik aurrera ostalaritza guneen ordutegiaren eta edukiera mugaren inguruko neurriok indarrean izango diren ala ez. Udalak aurreratu duenez, eragileekin ere bilduko da erabakia hartzerako, eta herriko osasun egoera ere giltzarria izango da azken erabakia hartzerakoan.

Izatez, otsailaren 27an, izango da Jai Karnabala, eta otsailaren 28an Astelehen Karnabala. Festetako azken eguna, Astearte Karnabala, berriz, martxoaren 1a egokitu da aurten.