Errege Magoen zozketaren irabazleek jaso dituzte sariak

Anartz Izagirre 2022ko urt. 13a, 09:40

Hiru irabazleek 500 euroko bonu bana jaso dute Bertanen dendetan gastatzeko. Udaletxean jaso dituzte sariak.

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak Errege egunaren bezperan egin zuten Errege Magoen zozketa, eta hiru irabazleek egunotan jaso dituzte beren sariak. Iraitz Arrizabalaga (15.724 zenbakia), Maite Juaristi (41.606 zenbakia) eta Joxepi Oteiza (41.827 zenbakia) izan dira irabazleak, eta Maitane estetika zentroan, Valverde drogerian zein Bossi arropa dendan eginiko erosketengatik jaso dituzte sariak. Udaletxean izan zen sari banaketa, eta Agustin Lizarralde zinegotziak banatu zizkien bonuak.

Sari banaketa aprobetxatu zuten merkatariek Gabonetako erosketak bertan egin dituzten herritar guztiei eskerrak emateko.