'Memoria eta bakerako kulturgunea' proiektuaren bigarren fasea, martxan

Erabiltzailearen aurpegia Mubike kooperazio elkartea 2022ko urt. 10a, 16:06

Azpeitiko Udalak kooperaziorako eman dituen dirulaguntzen bidez gauzatzen ari gara proiektua. Dagoeneko martxan da; iraila eta azaroa bitartean 42 gaztek parte hartu dute askotariko mintegietan.

Irailean ekin genion El Salvadorren, Azpeitiko Udalak kooperaziorako dirulaguntzen bidez babestu duen Memoria eta bakerako kulturgunea proiektuaren bigarren faseari.

Karta didaktikoak eta irakurgaiak erabiliz, hiru lan lerro landu ditugu han egindako mintegietan:

  • Gazteak memoria historikodun subjektuak dira.
  • Demokrazia eta giza eskubideak gazteen bizitzen parte garrantzitsua dira.
  • Gazteen eskubideak bakearen kulturarako iturri.

Horrela, beren eskubideen eta historiaren jabe izango diren gazteen formazioan ekarpena egitea espero dugu. Bide horretan, aldaketarako sujektu rola beren gain har dezaten ere bai, gerraosteko gizarte batean.

Alde batetik, Maria Auxiliadora hiriguneko komunitateko gazteekin egin dira tailerrak, baita Barrio Belen eskolako hirugarren zikloko ikasleekin ere. Azkenik, UCRESeko (Union de Comunidades Rurales de El Salvador) eta FESCOVAMeko (Federacion Salvadoreña de Cooperativas de Vivienda por Ayuda Mutua) gazteak izan dira mintegiak jaso dituztenak iraila eta azaroa bitartean.

Guztira, irailetik hona, 42 gaztek parte hartu dute antolatu diren askotariko mintegietan. Helburua, proiektuan zehaztu bezala, hurrengo asteetan eta hilabeteetan ehun gazterengana iristea da.