Lagun Onakek ezin izan dio irabazi Pasaiari

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 9a, 09:28

Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiak Pasaia hartu zuen atzo etxean, eta 2 eta 1 galdu zuen neurketa. Emakumeek, bestalde, atsedena izan dute aste honetan.

Lagun Onak futbol klubaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako neurketa jokatu zuen atzo, larunbata, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Azpeitiko taldeak Pasaia hartu zuen etxean, eta ezin izan zuen neurketa irabazi.

Partida oso parekatua izan zen atzokoa. Lehen zatian, baloia gutxi berenganatu zuten Pasaiakoek, eta Lagun Onak saiatu zen aurkarien atea apurtzen, baina ez zuten aukera garbirik sortu. Dena den, 40. minutuaren bueltan, erdiraketa baten ostean, Lagun Onaken akats bat aprobetxatuz, gola sartu zuen Pasaiak.

Bigarren zatian, Ekhi zelairatu zuen Lagun Onakek, eta sekulako aldea nabaritu zen jokoan. Berehala iritsi zen Lagun Onaken gola: Kepak bidali zuen baloia atera. Hurrengo minutuetan, bazirudien Lagun Onakek indarra hartuko zuela, baina Pasaiak bigarren gola sartu zuen. Kolpe handia izan zen hori Azpeitiko taldearentzat, eta ez zuen partidari buelta ematea lortu. Neurketa parekatua izanagatik, detaile txikiek egin zuten, beraz, Pasaiak irabaztea.

Une honetan, hogei punturekin, sailkapenaren hamaseigarren postuan da Lagun Onak. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak, bestalde, atsedena izan du aste honetan.