Udaltzaingoari petardoak bota dizkiotela salatu du Esan sindikatuak

Anartz Izagirre 2022ko urt. 1a, 13:24

Sindikatuak adierazi duenez, atzo, ostirala, 13:45 inguruan gertatu zen ezbeharra, eta inor ez zen zauritu. Azpeitiko Udalari "adierazpen irmoa" eskatu diote Udaltzaingoko langileen alde.

Esan sindikatuak salatu duenez, atzo, ostirala, petardo handiak jaurti zituzten Azpeitiko Udaltzaingoaren egoitzaren kanpoan, eta ezbeharraren "erabateko gaitzespena" egin dute.  Sindikatuak ohar bidez helarazi duenez, 13:45 inguruan bota zituzten suziriak, hainbat udaltzain bulegoaren barruan zeudenean, eta inor ez zen larriki zauritu. "Azpeitian udaltzain lanak egiten dituzten gizonak eta emakumeak herritarren zerbitzura lan egiten duten langileak direla gogorarazi behar dugu, eta inola ere ez txotxongiloak horrelakoak jasateko", adierazi du Esanek.

Hori dela eta, Azpeitiko Udalari "gaitzespen irmoa" eskatu diote, baita Udaltzaingoa babesteko ere. Horrez gain, gertaeraren egileak identifikatzeko eta ikerketa irekitzeko eskaera ere egin diote  erakundeari. "Gure elkartasun eta errekonozimendu publikoa adierazi nahi diegu Azpeitiko udaltzainei. Beraien konpromisoa egoera zailean, askotan langilerik gabe, gutxitan estimatzen da gure ustez, eta txalotzeko ordua da", gehitu dute.

Azpeitiko EAJk dagoeneko gaitzetsi du atzoko gertakaria, eta honako mezua jarri du Twitterren: "Bat gatoz Esan sindiktuak egindako gaitzespenarekin. Batzuk broma bezala ulertuko dute, baina petardo handi bat Udaltzaingoaren bulegora botatzeak, udal langile hauekiko daukagun errespetu falta izugarria erakusten du".