Koronabirusa Azpeitian

187 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 27a, 15:53

Kasu kopuruak gora egin duen hein berean egin du gora intzidentzia tasak ere: 2.976,35ekoa da datu hori, hain zuzen ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan intzidentzia metatuak 2.000ko langa gainditu du aurreneko aldiz.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu ditu COVID-19ari lotutako datuak, eta horien arabera, Azpeitian 187 kasu zenbatu dituzte azken lau egunetan: 21 ostegunean, 41 ostiralean, 66 larunbatean eta 59 atzo. Kasu kopuruak gora egin duen hein berean egin du gora intzidentzia tasak ere: 2.976,35ekoa da datu hori, hain zuzen ere. Joan den ostegunean 2.503,29koa zen zifra hori, eta beraz, azken egunotan ia 500 puntu egin du gora. 

Aipatzekoa da, gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan intzidentzia metatuak 2.000ko langa gainditu duela aurreneko aldiz, eta Urola Kostako datuak ez dira hobeak. Azken lau egunetan, ostegunetik igandera, 830 positibo berri zenbatu ditu Osakidetzak eskualdean.

Aurreko egunetan bezala, positibo gehien Zarautzen izan dira, 271; herri horren atzetik kokatzen da Azpeitia, kasu kopuruari dagokionez. Zarautzen, 1.781,81etik 2.424,29ra igo da intzidentzia tasa, eta Zumaian ere, gorakada handia izan da: azken egunetan ehun kasu berri zenbatuta, 1.882,17tik 2.371,04ra igo da intzidentzia tasa.

Azkoitian 76 positibo atzeman dituzte, eta ia 2.000koa da intzidentzia tasa (1.977); zertxobait gora egin du, ostegunean 1.852,62koa baitzen. Orion ere positibo asko zenbatu dituzte: 60. Gainera, tasa altuena herri horrek du eskualdean –5.000 biztanletik gorakoetan–, 2.772,34tik 3.065,88ra igaro baita.

Herri txikiak ez daude askoz hobeto: Aian 10 positibo atzeman dituzte, Aizarnazabalen 16 eta Getarian 27. Zestoan, berriz, 49 kasu berri agertu dira, eta herri horretan 3.591koa da intzidentzia tasa une honetan. Lehengo ostegunean ere altua zuen, 3.312koa.

Errezilen eta Beizaman ere agertu dira positiboak, baina gutxiago; hiruna herri bakoitzean.

ZIUetan gaixo gehiago

Hego Euskal Herriari dagokionez,  5.362 kasu berri atzeman zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, horietatik 1.097 kasu Nafarroan, eta gainerako 4.265 kasuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken hiru lurralde horietan 17.050 proba egin zituzten, eta beraz, positibotasuna %25ekoa izan da. Alegia, proba egin duten lautik batek eman du positibo. Datua are larriagoa da Nafarroan: 4.000 test egin zituzten atzo, eta positibotasuna %27,5an kokatu da.

Gaur-gaurkoz, Osakidetzaren menpeko ospitaleetan COVID-19agatik 110 paziente daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan, eta 381 gela arruntetan. Nafarroan, 146 daude ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUetan.

Azken astean 30 heriotza eragin ditu COVID-19ak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bestalde, Labi bihar bilduko da, urtea amaitu aurretik neurri berriak ezartzeko.