Euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde, hainbat lagun elkartu dira plazan

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 24a, 19:22

Sarek deituta, euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute plazan. Pow eta Gotzon etxera zioen pankartaren atzean mobilizatu dira, eta erantzun zabala izan du deialdiak.

Gabon egunez, euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute, Sarek deituta. 19:00etan elkartu dira plazan, eta erantzun zabala izan du deialdiak; hainbat lagun bertaratu da. Pow eta Gotzon etxera zioen pankartaren atzean mobilizatu dira.

Era berean, abenduaren 31n Azpeitian eta urtarrilaren 8an Bilbon egingo dituzten mobilizazioetara joateko deia egin du Sarek. Urteko azken egunean, manifestazioa egingo dute; aurten, gainera, aldaketa txiki bat iragarri du Sarek, manifestazioa igerilekutik beharrean plazatik abiatuko baita, 18:00etan. Horrez gain, urte berriarekin batera, hilaren 8an, presoen eskubideen aldeko manifestazio nazionala itzuliko da Bilbora; mobilizazioa Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako. BIDEAN lelopean egingo dute, 17:00etan hasita.

Lelo horrekin, zera adierazi nahi du Sarek: "Bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela". Ildo horretatik, nabarmendu dute orain arte emandako urrats guztiak "beste pauso bat" direla, eta bizikidetza "ezinezkoa" izango dela "euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediak eragindako eskubide urraketak" desagertzen ez badira. "Etxerako bidea egiteko eta espetxe politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa da bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea. Biak ala biak lotuta doaz", gehitu dute antolatzaileek. Era berean, bide hori "elkarrekin" egin behar dela nabarmendu dute: "Elkarrekin gaude bide horretan aurrera egin nahi dugun guztiak, sufrimendua desagerrarazi nahi dugun guztiak, eskubideen urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiak, eta konfrontazioaren aroa atzean utzi nahi dugun guztiak. Elkarrekin egiten ez badugu, bakoitzak bere aletxoa jarrita, erantzukizunez eta errespetuz, eta, batez ere, aurrera egiteko gogoa argi adierazita, ezinezkoa izango baita".

Azpeitiko presoak

Bestalde, azken urteetan euskal presoen eskubideen alde egin diren urratsak "positiboki" baloratu ditu Sarek, eta Gotzon Aranburu Azpeitiko presoaren kasua jarri dute adibide, Alacanteko (Herrialde Katalanak) espetxetik Palentzian (Espainia) dagoen Dueñaseko espetxera lekualdatu baitute. "Izan diren presoen hurbilketek, dudarik gabe, senideen zama arintzea ekarri dute presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean, baina ez dezagun ahaztu gaur egun 104 preso daudela oraindik ere Euskal Herritik urrun, eta horrela, haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela".

Bestalde, bigarren graduan jarraitzen duten presoak ere gogoan izan dituzte, eta nabarmendu dute presoen %94k bigarren graduan jarraitzen dutela, eta hamar baino ez direla hirugarren graduan dauden presoak, "egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean". Sareren arabera, 70 horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. "Gotzonek legezko baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren gradua lortzeko, eta espetxe baimenen bitartez herrian izango genuke", gehitu dute. Era berean, Josu Urbieta Pow presoaren kasuan ere etxean egoteko "legezko baldintza guztiak" betetzen direla azaldu dute Sareko kideek.