Urtebeteko etenaren ostean, pozarren agurtu dituzte Olentzero eta Mari Domingi herriko haurrek

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 24a, 14:09

Eguerdian, traktore gainean iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Azpeitira. Kalejira egin dute Alde Zaharrean barrena, eta ondoren, plazan ekitaldia izan da, bertsoz eta musikaz girotuta.

COVID-19aren izurriak eraginda, duela urtebete, ezin izan zituzten herritarrak agurtu Olentzerok eta Mari Domingik Gabon egunez. Aurtengoan, baina, Azpeitian izan dira eguerdian. 12:30ean San Martin egoitzaren aurretik hasi dute kalejira, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili dira, traktore gainean.

Kalejira bukatzean, plazan egin dute geldialdia Olentzerok eta Mari Domingik, eta jende ugari bertaratu da haiei kasu egitera. Han Itsasi dantza taldeko kideek Agurra dantzatu diete, eta ikastetxe bakoitzeko haurrek bertso bana abestu dute. Gainera, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek girotu dute ekitaldia. Aurten ez da gutunak eskura emateko aukerarik izan, eta horretarako postontziak jarri dituzte plazan.