Izena eman daiteke eskualdeko langabetuei zuzendutako hiru ikastarotan

Lehen mailako iturgintza saioak Azkoitian izango dira, baita bigarren mailako elektrizitate ikastarokoak ere. Azpeitian, berriz, oinarrizko gaitasunen ikastaroa eskainiko dute. Urola Erdian ElkarEkinez UE3 izeneko proiektuaren barruan antolatu ditu ikastaroak Iraurgi Berritzenek.

Iraurgi Berritzenek zaurgarritasun egoeran dauden edo hala egoteko arriskuan diren langabetuei zuzendutako Urola Erdian ElkarEkinez UE3 izeneko proiektua jarri du martxan. Zailtasun egoerak bizi dituzten eta langabezian dauden pertsonei gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide egokituak eta eraginkorrak eskaintzea da egitasmoaren helburua.

Eskualdeko ehun pertsonari lan munduratzeko ibilbideak ahalbidetuko dizkie proiektuak; izan ere, besteak beste, eskumen teknikoak nahiz oinarrizkoak ez ezik, lanbide ziurtagiria ere eskuratuko baitute programaren barruan antolatu dituzte bederatzi ikastaroetan parte hartzen duten herritarrek.

Oraindik bada ikastaro horietako hirutan izena emateko aukera: iturgintza, elektrizitatea eta oinarrizko gaitasunak. Lehen mailako iturgintza saioak Azkoitian izango dira, urtarrilarren 10etik martxoaren 3ra, eta orotara, 180 orduko ikastaroa gauzatuko dute ikasleek. Bigarren mailako elektrizitate ikastaroa ere Azkoitian izango da, eta saioak urtarrilaren 10etik otsailaren 25era egingo dituzte (17o ordu). Izena emateko 688 873 589 (Sandra) edo 688 758 494 (Maite) telefono zenbakira deitu behar da.

Oinarrizko gaitasunen ikastaroa, berriz, Azpeitian ari dira eskaintzen, eta matxoaren 15era arte izango dira saioak. Orotara, 240 orduko ikastaroa izango da, eta bertan parte hartu nahi dutenek 688 759 590 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide