"Biolentzia kapitalista" salatzeko manifestazioa deitu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak abenduaren 30erako

Julene Frantzesena 2021ko abe. 17a, 13:37
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako hainbat kide.

Plazatik abiatuta egingo dute manifestazioa 19:00etan, eta askotariko zapalkuntzen ondorioz jazo diren erailketak salatzeaz gain, biolentzia kapitalista "gero eta gordinagoa" dela eta horren ondorioak jasaten dituztenak gero eta gehiago direla ohartarazi dute.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak mobilizazioa deitu du hilaren 30erako, ostirala, Biolentzia kapitalistari aurre egin lelopean. Hain zuzen ere, egun horretan, manifestazioa egingo dute 19:00etan, plazatik abiatuta, eta besteak beste, aurten "soldatapeko lanaren ondorioz 59 erailketa" izan direla salatu dute. Horrez gain, baina, "Euskal Herria zatitzen duen mugan bizitza jokoan jarriz eraildako zazpi migratzaileak eta biolentzia matxistaren ondorioz eraildako bost emakumeak" ere gogora ekarriko dituzte.

Halaber, Kontseilu Sozialistako kideek "ezkutuan pasatzen diren langileon aurkako biolentziak" ere salatu nahi dituzte. "Gero eta orokortuagoa den errealitatea da langileriak duen eros ahalmenaren murrizketa, horrek dakarren oinarrizko beharrak zein edonolako zerbitzuak eskuratzeko ezintasuna. Gosea, hotza, etxegabetzea, ziurgabetasuna, umiliazioa eta horien ondoriozkoak diren gaixotasun fisikoak eta mentalak gero eta ohikoagoak dira, eta estatuan eguneko 11 pertsona bere buruaz beste egitera iristen dira".

Burgesiak biolentzia ez duela kapritxoz hautatu edo baztertu uste dute: "Ezin daiteke erreforma bidez desagerrarazi, dominazio sistemen barne osagaia da, estrukturala, krisi egoeretan gogortzen dena". Kontseiluko ordezkariek jakinarazi dutenez, "'ongizate estatuaren' amaierarekin batera amaitu da bake sozialaren amets europarra ere, eta horretarako ari da prestatzen burgesia". Horrez gain, baina, eskubide sozial eta politikoen murrizketa izan dute hizpide. "Baliabide polizialen gorakadak, zigor kodearen aldaketek, kontrol sozialera bideratutako neurriek, COVID19aren aitzakiapean ezarri dizkiguten neurri totalitarioek... horri erantzuten diete. Estatua gero eta forma autoritarioagoa hartzen ari da alderdi politiko guztien babesarekin".

Biolentzia kapitalista "gero eta gordinagoa" dela eta horren ondorioak jasaten dituztenak gero eta gehiago direla salatu dute. Gainera, hori dela eta, gertatzen ari denari "amorruz eta haserrez" begiratzen diotenak ere gero eta gehiago direla adierazi dute. "Beldurraren, isolamenduaren, isiltasunaren eta otzantasunaren desertua utzi, eta salaketaren, elkartasunaren eta zapalduon antolakuntza propio eta independentearen bideari ekin nahi diogunak gero eta gehiago gara".