Auto gidaria

Iokin Agirre: "Erakutsi dugu iazkoa ez zela zorte kontu hutsa izan"

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 17a, 09:55
Asier Aldalur ezkerrean eta Iokin Agirre eskuinean, beren BMW M3a erdian dutela, garaipena ospatzen. (Utzitakoa)

Bigarren urtez jarraian irabazi du Agirrek (Azpeitia, 1990) Rallysprinten Euskal Txapelketa. Txapel bikoitza izan da aurtengoa, Asier Aldalur Azkoitiko kopilotua ere onena izan baita bere sailean.

Iaz irabazi zenuen txapela berritu duzu. Lorpenarekin pozik, ezta?

Oso pozik, bai. Gainera, espero ez genuen zerbait izan da. Izan ere, aurten ez genuen denboraldi osoa egiteko asmorik. Ondo hasi ginen, eta pixkanaka-pixkanaka, lortu dugu azkenean.

2020ko txapelketa ezohikoa izan zen pandemiaren eraginez, bi lasterketa besterik ez ziren egin. Aurten lasterketa gehiago egin dituzue, baina normaltasuna berreskuratu al duzue?

Txapelketaren hasierako egutegian sei lasterketa zeuden aurreikusita, baina azkenean lau egin ditugu; bi bertan behera gelditu ziren, gidari gutxik eman zutelako izena edota beste arazo batzuk tarteko.

Nolakoa izan da zuen ibilbidea?

Abuztuan hasi zen txapelketa, Gabiriako [Gipuzkoa] Rallysprintarekin; sailkapen nagusian bosgarrenak izan ginen, baina gure aurretik egin zuten bi kanpokoak ziren eta ez zuten puntuatzen euskal txapelketarako, eta beraz, bertakoen artean hirugarrenak izan ginen. Bigarren lasterketa Aramaion [Araba] izan genuen; emaitza hobea lortzeko esperantzarekin joan ginen hara, baina gurpil-azalekin ez genuen asmatu, eta eguna nahiko ondo salbatu genuen arren, laugarren sailkatu ginen. Hirugarrena Azpeitiko Rallysprinta izan zen; sailkapeneko bigarrenari bi puntuko aldea ateratzen genion etxeko lasterketaren aurretik. Lasterketa oso zelebrea izan zen Azpeitikoa, txingorrak baldintzatu zuen, eta txanda bakarra osatu ahal izan genuen; hala ere, txanda bakar hori ondo egin genuen, bigarren denbora onenarekin, eta sailkapen nagusian ere bigarren gelditu ginen. Joan den zapatuan izan genuen azken lasterketa, Goierrikoa. Abantaila pixka batekin iritsi ginen hara, baina txapelketa erabakitzeko adinakorik ez. Gidarien txapela ez ezik, kopilotuena ere jokoan genuen, nire kopilotua [Asier Aldalur] bi puntuko aldearekin iritsi baitzen Goierrira. Emaitza on-ona egin beharrik ere ez geneukan bi txapelak eskuratzeko, eta kalkulagailua martxan jarrita ibili ginen, emaitza ziurtatzeko; zazpigarren postuan eta bi txapelak irabazita bukatu genuen lasterketa.

Aurtengoa ere txapelketa guztiz ohikoa izan ez arren, bigarren txapelak zapore hobea al du zuretzat?

Bai. Jende askok esan zuen iazkoa zorteagatik izan zela, eta uste dut aurten erakutsi dugula iazkoa ez zela zorte kontu hutsa izan: abiadura izan dugu, erritmo ona ere bai, eta txapelketa lehiatuagoa izan da. Autoa ere [BMW M3 bat] geuk egindakoa da, etxean, eta bai iaz, bai aurten lasterketak arazorik gabe bukatzea lortu dugu. Horrek ere asko balio du, azkarrena izatea ez baita dena; autoaren fidagarritasuna eta mekanikoki ondo erantzutea ere oso garrantzitsuak dira.

Arantzazu Araneta da zure ohiko kopilotua, baina aurten Asier Aldalur izan duzu ondoan.

Iaz, lasterketa bat Arantzazurekin eta bestea Asierrekin egin nituen, eta aurten denak Asierrekin, Arantzazu haurdun dago eta. Urtarrilerako espero dugu umea, eta pentsatzen dugu 2022ko lasterketetarako Arantzazu bueltatuko dela. Itzultzeko amorratzen dago bera. Baina Asierrekin ere oso ondo moldatzen gara, oso lagun onak gara, lankideak ere bagara eta autoa prestatzen-eta elkarrekin aritzen gara. Oso garrantzitsua da pilotuak eta kopilotuak feeling hori edukitzea.

Gurutz Agirretxe errezildarra izan da txapeldunordea, Hodei Intxausti kopilotu azpeitiarrarekin. Eskualdekoak nagusi.

Hala da, bai. Gainera, Gurutz kuadrillakoa dut. Polita izan da Euskal Herriko txapel bat kuadrillako lagun batekin jokatzea.

Parte hartzea jaitsi egin da aurten lasterketetan. Zer dela-eta beherakada?

Abuztuan, ikaragarrizko parte hartzea izan zen Gabirian, baina gainontzekoetan, esango nuke erdira jaitsi dela: 60-70 auto izatetik 30eko zerrenda osatu ezinda gelditzeraino igaro gara. Federazioak galdetegi bat igorri digu federatu guztioi, zer arrazoi egon daitezkeen zehaztu nahirik, eta erantzun argirik ez dago. Pertsonalki, uste dut egutegia murrizteak eragina izan dezakeela; normalean martxoan hasten da denboraldia, eta aurten abuztuan hasi zen. Denbora gutxian lasterketa asko pilatu dira, eta eguraldi txarra ere egin du.