Beste urte batez, Santo Tomas festarik ez

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 10a, 10:25
Atzo udaletxean egindako bileran erabaki zuten Santo Tomas eguna bertan behera uztea. (Azpeitiko Udala)

Festa egunean parte hartu ohi duten eragileek eta udal ordezkariek atzo egin zuten Santo Tomas egunaren inguruko bilera, eta "adostasun zabalarekin" erabaki zuten jai eguna ez ospatzea, "jende pilaketak saihesteko" helburuarekin eta "osasuna lehenetsiz". Egun horretan egitekoak ziren zenbait ekintza egunez aldatu dituzte.

Santo Tomas eguna ospatuko zen ala ez; horra hor azken boladan askoren ahotan izan den galdera. Egun horretan ekintzak antolatu ohi dituzten eragileek eta udal ordezkariek atzo egin zuten Santo Tomas egunaren inguruko bilera, eta han erabaki zuten egun horretako ekintzak bertan behera uztea. Udalak jakinarazi duenez, "adostasun zabalarekin" hartu zuten erabakia.

Azken asteetan gora egin dute COVID-19 kasuek herrian, eta aurreikusi dute "herritarren osasuna bermatzeko neurriak segurtasunez betetzerik ez" dela izango dute Santo Tomas egunean. Horregatik, sortzen diren "jende pilaketak saihesteko" helburuarekin eta "osasuna lehenetsiz" hartu dute erabakia.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaroaren 16an ezarritako aginduak dioena gogorarazi du udalak: "Neurri horren arabera, udalerri batek 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia tasa duten bitartean, jarduerak atzeratzea edo bertan behera uztea gomendatzen dute, baldin eta udal agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu 2021eko urriaren 6ko aginduaren eranskinean jasotako prebentzio neurriak betetzea".

Zenbait ekintza, atzeratuta

Mikel Odriozola Festa batzordeburuak "arduraz eta zuhurtziaz" jokatzeko ordua dela azpimarratu du. "COVID-19ak eraginda herrian bizi dugun egoera ikusita eta Santo Tomas Egunean sortu ohi diren jende pilaketak aintzat hartuta, erabakirik arduratsuena ekintzak bertan behera uztea edo egunez aldatzea dela erabaki dugu", adierazi du.

Festa egun horri lotuta antolatuta zeuden eta edukiera mugatuarekin nahiz prebentzio neurriak betez egin daitezkeen hainbat ekintza beste egun batzuetan egingo dituzte: besteak beste, Ilunpe pilota elkarteak Patxi Azkargorta pilota memorialeko finala abenduaren 18an jokatuko du, Izarraitz pilotalekuan, eta dantza suelto txapelketa abenduaren 19an izango da, Soreasun.