Korrontzik eta herriko hainbat dantzarik emanaldi berezia eskainiko dute abenduaren 26an

Julene Frantzesena 2021ko abe. 7a, 08:58

Izar Ahizpek dantza taldeko kideak.

Itsasi nahiz Izar Ahizpek dantza taldeetako kideak izango dira agertokian, baita Korrontzirekin aritu ohi den Oinkari taldeko dantzariak ere. Abenduaren 26an, igandez, izango da emanaldia, Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Sarrerak eskuragai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean.

Korrontzi musika taldeak eta herriko hainbat danatzarik ikuskizun berezia eskainiko dute hilaren 26an, igandez, Soreasu antzokian. Korrontzi taldeko musikariekin batera, Itsasi nahiz Izar Ahizpek dantza taldeetako kideak izango dira agertokian. Itsasiko kideek euskal dantzak eramango dituzte taula gainera, eta Izar Ahizpek, berriz, hainbat dantza estilo egingo dituzte. Gainera, Korrontzirekin lan egiten duen Oinkari taldeko kideek ere parte hartuko dute ikuskizunean.

Emanaldia sortzeko ideia Agus Barandiaran Korrontziko abeslari eta trikitilariarena zein Lierni Varela dantzariarena izan zen. Hain zuzen ere, Reunion uhartean biek ala biek parte hartu zuten emanaldi baten ostean sortu zitzaien elkarlanean zerbait sortzeko ideia. Haiek azaldu dutenez, hasieratik "argi" zuten herriko dantzariak batu nahi zituztela ikuskizunerako. Horregatik, dantza garaikide eta urbanoak sortu dituzte Varelak eta Izar Ahizpek taldeak, eta Itsasiko dantzariak, berriz, Korrontziren koreografoarekin ari dira piezak osatzen.

Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta oraindik ere bada sarrerak eskuratzeko aukera: Kulturaz.eus webgunean eros daitezke horiek, hamahiru euroren trukean.