Lan munduan ere euskararen erabilera sustatzea xede

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 4a, 08:55
Basazabalen elkartutakoak, Jon Sarasuaren hitzaldia entzuten. (Azpeitiko Udala)

Herriko 25 enpresatako ordezkariek parte hartu zuten atzo udalak antolatutako jardunaldian. Enpresetan euskara planak garatzeko Elegune doako udal zerbitzuaren berri eman zuten bertan, eta Jon Sarasuak hitzaldia eman zuen, euskararen normalkuntza lan munduan ere bultzatzearen erronkaz.

Atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean, herriko 25 enpresatako ordezkariak Basazabal jauregian elkartu ziren, Azpeitiko Udalak lan munduan ere hizkuntza normalizazioa bultzatzearen beharraz eta euskara planak enpresetan garatzeko duen Elegune doako zerbitzuaren berri emateko antolatutako jardunaldian. Elegune zer den eta zer zerbitzu eskaintzen duen azaldu aurretik, Jon Sarasuak euskararen normalkuntzak lan munduan dituen erronken gainean eman zuen hitzaldia ere entzun zuten jardunaldiko parte hartzaileek.

"Ulertzen dugu euskarazko zerbitzua bermatzea zerbitzu egoki eta oso bat bermatzea dela. Horregatik, udalak dituen baliabide guztiak jarri nahi ditu herriko enpresen esku; eta nola ez, gure hizkuntzaren esku", esan zuen hasierako hitzartzean Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak. Euskara lan munduan txertatzea estrategikoa dela behin eta berriz entzun zuten jardunaldian parte hartu zutenek, hizlarien zein Elegunerekin lanean ari diren herriko lantokietako kideen ahotik. "Kalitatezko kudeaketa batean oinarrizkoa da hizkuntza. Bezeroentzat zerbitzu hobea eskaintzeko aukera ematen du, administrazio eta lege eskakizunak betetzeko ere bai, eta lan hizkuntza bezala, eragin zuzena du langileen komunikazio eta kohesioan", azpimarratu zuen Albizuk. Azpeitia euskararen arnasgune dela gogora ekarrita, "gune euskaldun hauetan bereziki lan munduaren euskalduntzea sustatzea beharrezkoa" dela adierazi zuen Euskara batzordeburuak, eta enpresetako arduradunei mezua helarazi zien: "Lantegiak oso euskaldunak dira, euskara eguneroko gestioan txertatzea aukera ezinhobea duzue. Erakutsi dezakezue euskara lan munduko hizkuntza ere badela, negozioetakoa eta akordioetakoa. Eredu izan zaitezkete, eta guk horretan laguntza eman nahi dizuegu".

Josu Labaka alkateordea, bere aldetik, Azpeitiko Udalak herriko enpresekin dituen harremanetaz eta herriko ekonomiak dituen erronketaz mintzatu zen atzo Basazabalen. "Udalaren kezka nagusia sustapen ekonomikoa da. Horretarako lan lerro desberdinak ditugu. Tresnak eta harremanak azken urteotan sendotzen goaz, eta enpresen beharrei erantzuteko ahalegina egiten dugu", azaldu zuen. Azpeitiko ekonomiaren eta lan munduaren zenbait erronka aipatu zituen Labakak, eta horiei aurre egiteko "elkarlanerako bide bat egin beharra" azpimarratu zuen: "Sustapen ekonomikoaren bidez, emakumeen lan munduratzea edo trantsizio energetikoa laguntzen ditugu udaletik, eta Eleguneren bidez, hizkuntzaren normalizazioan ere eragin nahi dugu enpresetan".

Nerea Arexolaleiba da udalak Euskara Patronatuaren bidez ematen duen Elegune zerbitzuko teknikaria, eta berak azaldu zituen atzoko jardunaldian Azpeitiko enpresei hizkuntza gestiorik egokiena lortzen laguntzeko zentro teknikoaren funtzioak eta Elegunek enpresei zer eskaintzen dien. Elegunerekin dagoeneko harremana duten herriko enpresetako kideen testigantzak jaso dituzte bideo honetan:

"Lan mundua masiboki euskaldundu"

Jardunaldia osatu zuen hitzaldian, Sarasuak euskararen normalkuntzaren bidean orain arte egindako urratsen errepasoa egin zuen, duela 60 bat urte hasitakoak gaur arte izan duen bilakaera azalduz.

"Herri honetan irakaskuntza euskalduntzeko izugarrizko inbertsioak egin dira. Gaur egun, D ereduan ikasitako herritarrak dira asko eta asko gure gizartean, eta B eta A ereduan ikasitakoek ere euskara ikasi dute. Baina gero lan mundura iristen dira, eta lan munduan euskararen normalizazioan gabezia dago", Sarasuaren hitzetan. Horregatik, beretzat, datozen 20-30 urteetan "lan mundua masiboki euskaldundu" beharra dago. Azpeitia bezalako herri euskaldunek hizkuntzaren normalkuntzan "funtzio berezia" betetzen dutela iritzi dio Sarasuak, eta hain euskaldunak ez diren zonaldeetako herrientzat "eredu" izan behar dute: "Herri euskalduna zarete, eta gainera, beste inongo herritan ez dagoen Elegune bezalako doako zerbitzua duzue. Herri askok nahiko luketen zerbitzua da. Zentzu horretan, proba pilotu bat zarete", esan zien Sarasuak atzo Basazabalen elkartutakoei.

Sarasua, Labaka eta Albizu, atzo Basazabalen. (Azpeitiko Udala)