'Go!azen 8.0' antzezlanaren bi emanaldiak urtarrilaren 29ra atzeratu dituzte

Anartz Izagirre 2021ko abe. 1a, 12:35

'Goazen 7.0' antzezlaneko irudi bat.

Egungo osasun egoera dela-eta hartu dute emanaldia atzeratzeko erabakia. Sarrerak erosita zituztenei eserlekuak mantenduko dizkiete; dirua bueltatzea nahi dutenek, berriz, urtarrilaren 22a baino lehen eskatu beharko dute.

Igande honetan, abenduak 5, Go!azen 8.0 antzezlanaren bi emanaldi zeuden aurreikusita Soreasu antzokian, baina Kulturaz kooperatibak, Azpeitiko Udalarekin adostuta, urtarrilaren 29ra atzeratu du data. Osasun egoera dela-eta hartu dute erabaki hori, "herriko gaztetxoen artean COVID-19ak izan duen hedapenagatik, eta beste asko konfinatuta daudelako".

Emanaldietarako sarrerak erosita zituztenei eserlekuak mantendu egingo dizkiete, eta txartelen dirua berreskuratzea nahi dutenek, aldiz, urtarrilaren 22a baino lehen egin beharko du eskaera, ebeloki@kulturaz.eus helbide elektronikora idatzita.