Koronabirusa Azpeitian

Lau egunetan 121 positibo zenbatuta, orain arteko intzidentzia tasa altuena du Azpeitiak

Julene Frantzesena eta Amaia Urbieta 2021ko aza. 29a, 12:59
Azpeitia goitik ikusita. (Alex Berasategi)

Azpeitiko intzidentzia tasa 2.181,34 da, eta intzidentzia tasa altuena duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herria da. Azken lau egunetan Osakidetzak egindako PCR eta antigeno probetan 121 lagunek eman dute positibo Azpeitian.

Pandemia hasi zenetik Azpeitiak izan duen intzidentzia tasarik altuena du une honetan. Hain zuzen ere, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa 2.181,34 da, eta orain arteko tasarik altuena iazko urrian izan zen herrian, 1.700eko langa gaindituta. Gaur-gaurkoz, intzidentzia tasa altuena duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herria da Azpeitia.

Tasa horretan eragin zuzena du egiten ari diren PCR eta antigeno test kopuruak eta horietan positibo ematen duten herritarren zenbatekoak. Izan ere, azken lau egunetan 121 positibo –ostegunean 47, ostiralean 35, zapatuan 25 eta atzo hamalau– atzeman ditu Osakidetzak Azpeitian. Azken astebetean, berriz, 216 lagunek eman dute positibo.

Datuek okerrera

Eskualdeko gainontzeko herrietan ere okerrera egin dute datuek. Zarautzen nabarmen egin du gora intzidentzia tasak (762,41 tik 968ra igo da), eta 67 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan. Azkoitian, 38 izan dira azken egunetan atzemandako positiboak, eta 784,44ra igo da intzidentzia tasa. Orion ere Azkoitikoaren pareko tasa dute: 782,78koa da uneotan, eta azken lau egunetan 21 positibo berri zenbatu dituzte kostaldeko herrian.

Apur bat apalago izan arren, Zumaian ere gorantz doaz datuak: 22 positibo berri zenbatu dituzte azken egunetan, eta 620,74ra igo da tasa. Honako hauek dira gainerako herrietako –5.000 biztanle baino gutxiagokoak– azken lau egunetako zenbakiak: launa kasu berri hauteman dituzte Aian eta Aizarnazabalen, bat Beizaman, bi Errezilen, hogei Getarian eta sei Zestoan.

60 lagun ZIUetan

Datu orokorrei erreparatuta ere, okerrera egin du egoerak. 471,56 da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa orokorra (duela astebete 321,59koa zen). Atzo, igandea, 6.389 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 663 positibo zenbatu; hau da, proba egin zuten herritarren %10,4k eman zuten positibo. Nafarroari dagokionez, berriz, azken eguneko datuen arabera, %9,8ra jaitsi da positibotasun tasa, eta 202 lagunek eman baitzuten positibo igandean egindako 2.056 probetan. Ospitaleetan, pixkanaka bada ere, hasiak dira datu horien eragina nabarmentzen.

Gaur-gaurkoz, 214 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren erietxeetan, azaro erdialdean baino 100 gehiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), berriz, 47 lagun daude erietxeratuta. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreko astean adierazi zuen ZIUen okupazioa 50 ohetara iritsiz gero, berriz ere osasun larrialdi egoera ezartzeko aukera aztertuko zutela. Oraingoz ez da zifra horretara iritsi zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopurua, eta ez du neurri berezirik hartu momentuz Eusko Jaurlaritzak.

Nafarroan, Osasunbidearen erietxeetan, 80 lagun daude ospitaleratuta, eta hamahiruk behar dituzte zainketa bereziak.