Elurtuta esnatu da Xoxote, eta dagoeneko zuritu dira inguruko paisaiak

Julene Frantzesena-Maialen Etxaniz 2021ko aza. 27a, 17:40

Herrigunean ez du elurrik egin, baina inguruko mendietan eta mendateetan egin du pixka bat. Xoxote, esaterako, elurtuta esnatu da, eta Izarraitzen magala ez ezik, Urraki gaina ere zurituta dago.

Iragarrita zegoen moduan, eguraldi petralarekin argitu du eguna gaur Azpeitian, eta herrian euria egin duen arren, dagoeneko zuritu dira inguruko mendiak eta mendateak. Xoxote, esaterako, zurituta esnatu da gaur. Izarraitzen goiko aldea zurituta ikusten da dagoeneko, eta goiz-eguerdi aldean baita Urraki mendatearen gainaldea ere. Dena den, ez du elur askorik egin oraingoz, eta errepideetan ez dago aparteko arazorik –honako lotura honetan ikus daiteke mendateen egoera–.

Hala eta guztiz, arretaz ibiltzea eskatu du Trafiko Zuzendaritzak, alerta laranja ezarrita dagoelako eta elur kota jaisten ari delako.

(Argazkiak: Xoxoteko Aterpea eta utzitakoak)