Lagun Onakeko emakumeek eta gizonek hiruna puntu eskuratu dituzte

Julene Frantzesena 2021ko aza. 28a, 08:48
Lagun Onakeko emakumeen gaurko partidako hasierako hamaikakoa. (Lagun Onak)

Bi taldeek atzo jokatu zituzten partidak Garmendipen, eguraldi pretalari aurre eginez. Emakumeek Urolaren kontra neurtu zituzten indarrak eta 4 eta 2 nagusitu ziren. Gizonek, berriz, Urduliz izan zuten parez pare, eta 1 eta 0 irabazi zuen etxeko taldeak.

Lagun Onakeko emakumeen eta gizonen taldeek garaipen bana eskuratu zuten atzo, zapatua, Garmendipen. Emakumeen goizean jokatu zuten norgehiagoka Urola taldearen aurka, eta 4 eta 2 nagusitu ziren etxekoak. Gizonek, berriz, 17:00etan hasita jokatu zuten partida Urdulizen aurka, eta 1 eta 0 irabazi zuten. Bi taldeek euria goian-behean zela jokatu zituzten partidak, baina eguraldiak ez zuen jokoa oztopatu, eta jokoan ziren puntuak etxean gelditu ziren.

Emakumeen partidaren lehen zatiko 35. minutuan iritsi zen lehen gola: Eguzkiñek zutoinera egindako jaurtiketaren alderatzea ederki aprobetxatu zuen Mariak. Lau minutu baino ez zien iraun pozak Lagun Onakeko emakumeei; izan ere, 39. minutuan iritsi zen Urolaren berdinketaren gola. Bi minutura sartu zuen 2 eta 1ekoa Eguzkiñek, eta handik minutura, 42. minutuan zehazki, binakoa sartu zuen Urolak. Beraz, zazpi minututan lau gol izan ziren zelaian.

Atsedenalditik bueltan, lasai hasi zen partida. Bina berdinduta zen markagailua, baina 62. minutuan lortu zuen Izarok etxeko taldea aurretik jartzea: 3 eta 2. Lagun Onakek hainbat aldaketa egin zituen segidako minutuetan, eta partidaren hondarrean, 86. minutuan, sartu zuen Eguzkiñek laugarren gola, penaltiz.

Horrenbestez, hiru puntuak eskuratu zituzten atzokoan Unai Urbizuk gidatzen duen taldeko neskek. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko goiko postuetan da, jokatutako 11 partidetatik zazpi irabazita.

Hiru puntu garrantzitsu

Lagun Onakeko gizonek ere garaipen garrantzitsua eskuratu zuten atzo. Urduliz izan zuten aurez aurre, eta 80. minutuan sartutako gol bati esker irabazi zuen norgehiagoka Ander Avellanedak gidatzen duen taldeak.

Hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen taldeak; izan ere, Lagun Onakeko gizonen lehen taldea Espainiako Hirugarren Mailako sailkapenaren azken tokietan da. Zehazki, hamaseigarren postuan da Azpeitiko taldea, hamalau punturekin.