Adin Adin programak bertsoak eraman ditu San Martin egoitzara

Julene Frantzesena 2021ko aza. 27a, 10:14

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean antolatutako Adin Adin programaren barruko saioa eskaini zuten atzo, ostirala, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Julene Iturbe bertsolariek.

San Martin egoitzako egoiliarrek bertso saioaz gozatu ahal izan zuten atzo arratsaldean. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean antolatutako Adin Adin programaren barruko saioa eskaini zuten Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Julene Iturbe bertsolariek.

Egoiliarrak gustura egon ziren haien bertsoak entzuten. Hala azaldu dute egoitzako ordezkariek: "Irribarreak eta hainbat malko ere izan dira". Bertsolariak ere gustura aritu ziren atzokoan. Loidisaletxek azaldu duenez, San Martin egoitzan kantatzen duen aldiro "azaldu ezin den sentipena" izaten du. "Egoiliarren espresioa eta haien emozioak barrura iristen zaizkit; asetuta bueltatzen naiz etxera". Iturbek, berriz, egoitza batean abesten zuen lehen aldia zuen atzokoa. "Oso gustura sentitu naiz; esker oneko pertsonak dira egoiliarrak".

COVID-19aren pandemia tarteko, urtebeteko etena izan du programak, baina aurten berriro itzuli dira bertsoak Gipuzkoako egoitzetara. Bertso saioaz ez ezik, gaztaina erreez gozatzeko aukera ere izan zuten atzo San Martin egoitzako kideek.