Jolas ez sexisten gida prestatu dute udaleko Gazteria eta Parekidetasun sailek

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 28a, 09:44

Txiki Txoko ludoteka.

Sarean jarri dute, nahi duenak irakurtzeko eta kontsultatzeko. Horrekin batera, jostailuen aukeraketaren zein jolasen gaineko hainbat ekintza prestatu dituzte abendurako.

Azpeitiko Udaleko Gazteria eta Parekidetasun sailek elkarlanean osatu duten jolas ez sexisten gida berria prestatu eta sarean jarri dute, nahi duenak irakurtzeko eta kontsultatzeko. "Gabonak gerturatzen ari dira, eta horrekin batera, oparien garaia. Opari egokia nola aukeratu jakiteko hainbat irizpide zehaztu ditugu gida berri honetan. Espero dugu erabilgarria izango dela", diote gidaren sustatzaileek.

Aipatutako irizpideekin batera, gidan jolas ez sexistetaz ari direnean zertaz ari diren azaltzen dute, jolas eta jostailu sexisten zein ez sexisten helburuak azaldu eta zerrendatu dituzte, jostailu bat erosi aurretik egin beharreko hamahiru galdera proposatzen dituzte, eta adinaren araberako jolas eta jostailuen gaineko gomendioak jaso dituzte.

Honako lotura honetan ikus daiteke jolas ez sexisten gida berria.

Hainbat ekintza abendurako

Gida plazaratzeaz gain, jolasen eta jostailuen aukeraketarekin lotutako hainbat ekintza ere antolatu dituzte Gazteria eta Parekidetasun sailek datozen egunetarako.

Batetik, Zein da jostailu egokia? izenburuarekin bi solasaldi ireki egingo dituzte datorren astean. Asteartean, azaroaren 30ean, Gaztelekuan izango da solasaldia, 15:15ean; eta biharamunean, abenduaren 1ean, Urrestillan, 17:30ean.

Bestetik, ludotekako jostailuak aztertzeko ate irekien bi jardunaldi prestatu dituzte, eta gaiaren gaineko aholkuak ere emango dituzte herriko bi ludoteketan. Iturritxiki ludotekan asteazkenean, abenduaren 1ean, egingo dituzte ate irekiak; eta abenduaren 2an, ostegunean, Txiki Txoko ludotekan. Bi jardunaldiek ordutegi bera izango dute, 16:00etatik 17:00etara.

Azkenik, familiei zuzenduta, mahai jolasen eguna egingo da abenduaren 18an. Egun horretako ekitaldien berri zehatzagoa aurrerago emango dute.