Azpeitiko Rallysprinta Urrakira itzuliko da XXI. edizioarekin

Julene Frantzesena 2021ko aza. 24a, 16:41
Iokin Agirre autoan. (Lagun Artea)

Azken edizioak Errezil-Etumeta eta Aizarna artean egin izan badituzte ere, Goiatz eta Azpeitia arteko ohiko ibilbidean egingo dute aurtengoa, zapatuan. Rallysprinten Euskal Txapelketako azken proba puntuagarria izango da, eta Iokin Agirre zein Asier Aldalur dira sailkapenaren buruan. Urrakiko errepidea 12:30 aldean itxiko dute trafikoarentzat, eta proba 14:00etan hasiko da. 28 autok parte hartuko dute.

Larunbatean Azpeitiko Rallysprintaren XXI. edizioa izango da, eta hainbat urteren ostean, Urrakira itzuliko da. Hain zuzen ere, azken edizioak Errezil-Etumeta eta Aizarna artean egin izan badituzte ere, Goiatz eta Azpeitia arteko ohiko ibilbidean egingo dute aurtengo proba. Gainera, hainbat hilabeteko atzerapenez egingo dute; izan ere, pandemiak eragindako egoera tarteko, hitzordua atzeratu egin zuten maiatzean.

Rallysprinten Euskal Txapelketako azken aurreko proba puntuagarria izango da larunbatekoa, eta gaur-gaurkoz, Iokin Agirre da sailkapenaren buruan –bigarren postuan, Agirre baino bi puntu gutxiagorekin, da Gurutz Agirretxe errezildarra–. Gainera, beste hainbat gidari ere badira Azpeitiko proba irabazteko faboritoen artean; Mattin Villares eta Jon Zozaia, Roland Holke eta Erik Lafuente nahiz Gorka Idigoras eta Naia Lasagabaster. Formula Libre mailan ere lehia ederra aurreikusten dute rallysprintaren antolatzaileek. Oraingoz, Jon Zubeldia eta Jon Albizuri daude sailkapenaren buruan, baina Ibon Beitia eta Ion Zubiaurre aurrez aurre izango dituzte horiek.

Orotara, 28 gidari eta kopilotu daude parte hartzeko izena emanda, eta horietatik lau lagun izango dira azpeitiarrak: Lagun Arteako Iokin Agirre eta Asier Aldalur (BMW M3) nahiz Jon Arregi eta Igor Arriaran (Peugeot 208). Errezilgo eta Azkoitiko gidariak ere ariko dira lehian, hala nola Akulu taldeko Gurutz Agirretxe eta Hodei Intxausti (BMW M3), Akulu taldeko Aitzol Apalantza –lehen aldiz ariko da pilotu lanetan– eta Alazne Apalantza, Errebueltie eskuderiako Ibon Beitia eta Jon Zubiaurre, Errebueltie eskuderiako Iraitz eta Ugaitz Olariaga, Errebueltie eskuderiako Egoitz Lizarralde eta Leire Odriozola zein Ikullu taldeko Jon Zubeldia eta Ion Albizuri.

12:30ean itxiko dute bidea

Zapatuan, 09:30ean hasita egingo dituzte autoen egiaztapen teknikoak, epaitegiaren aurreko plazan. Urrakiko errepidea, berriz, 12:30 aldean itxiko dute trafikoarentzat. Dena den, Lagun Artea eskuderiak azaldu duenez, rallysprintera joatekoa den pertsona kopuruaren arabera, aurrera egin dezakete ordu hori.

13:00etan abiatuko dira ibilgailuak asistentziara, eta azken aldaketak eginda, 14:00etan ekingo diote lehen mangari. Aurreikuspenen arabera, 15:30ean izango da bigarren manga, eta 17:00etan hirugarrena. Sari banaketa ekitaldia, berriz, 18:30 aldean egingo dute, epaitegiaren aurreko plazan.

Lagun Arteak proba egingo den eremura "garaiz" joateko deia egin die herritarrei, 13:30etik aurrera ezingo baita ibilbidetik sartu eta irten. Gainera, ibilbideko lehenengo eta azkenengo bihurguneak "leku oso arriskutsuak" direla gogorarazi du taldeak. Ikusleei komisarioen oharrak eta jarraibideak betetzeko deia egin diete rallysprintaren antolatzaileek, "ekitaldia arazorik gabe" egin dadin.