Amatasunaz hausnartzeko eta bizipenak elkarbanatzeko saioak eskainiko dituzte Emakumeen Txokoan

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 22a, 19:16

Erditu ondoren, zer? izenburupean jarriko du martxan egitasmo berria Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak. Helburua da "amatasunaren eta gurasotasunaren" bueltako sentipenez eta bizipenez hitz egiteko espazioa eskaintzea. Horretarako sei saio antolatu dituzte, eta Emakumeen Txokoan elkartuko dira hilean bi alditan, abenduaren 10ean hasita. Izen-ematea doakoa da. Aurreneko saioan parte hartzeko izen-ematea abenduaren 3an itxiko da.

Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak amatasunaz pentsatzeko eta bizipenak elkarbanatzeko txoko bat eskainiko du aurrerantzean. Hain zuzen, Erditu ondoren, zer? izenburupean jarriko dute martxan egitasmo berria, eta abenduan ekingo diote bideari. Sustatzaileek azaldu dutenez, proiektuaren xedea da "amatasunaz pentsatzeko, hausnartzeko eta bizipenak elkarbanatzeko espazio bat sortzea". 

Hori ez da, ordea, proiektuaren helburu bakarra. "Ama izateko arrazoiak eta moduak mahaigaineratzea, elkarri laguntzeko laguntza sareak eraikitzea eta espazio zein baliabide propioak geureganatzeko estrategiak pentsatzea ere nahi dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Bizipenak, desirak eta aldaketak

"Askotan, erditu ondoren, ama izatearen gauza politez baino ez da hitz egiten, eta sarri errealitatearen beste aldea ezkutatzen da. Egunerokoan aurkitzen ditugun zailtasun, bakardade eta isolamendu bizipenek ez dute tokia hartzen gure ahotan, kaleetan, eta hori ere errealitatearen parte da", diote sustatzaileek. Horregatik, amatasunaren eta gurasotasunaren ertz desberdinei erreparatu nahi diete.

Hausnarketa saioetan elkar babesa izango dute oinarri, eta "bizipenei eta beharrei" egingo diete lekua. Hori dela eta, hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola gorputza, erditze ostea, hormonak, emozioak, elkarbizitza, motibazio sexuala, ardurak eta independentziak. "Gure buruei tratu on bat opatzeko lekua izango da. Era berean, zaintzak, bizi komunitateak... birpentsatzeko espazioa izango da; sarea eraikitzeko eta sarearen garrantzia bizitzeko". 

Sei saio eta bi bideratzaile

Horretarako, sei saio egingo dituzte Emakumeen Txokoan, hori izango baita egitasmoaren etxea, hausnarketarako irekiko duten espazioa. Saio horietan "hausnarketa kolektiborako tartea" eskainiko dute, bideratzaile batek lagunduta. Plax! zerbitzuko Edurne Mendizabal eta Haizea Egiguren izango dira bideratzaileak. 

Abenduan, urtarrilean eta otsailean bina saio egingo dituzte. Abenduaren 10ean eskainiko dute aurreneko saioa, eta abenduaren 17an bigarrena. Gainerakoak, urtarrilaren 14an eta 28an eta otsailaren 11n eta 18an egingo dituzte, guztiak 17:30etik 19:00etara. 

Horietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Abenduaren 10eko saioan parte hartu nahi dutenek hilaren 3a baino lehen egin beharko dute izen-ematea, Emakumeen Txokoan, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 751 000 telefonora deituta.