Koronabirusa Azpeitian

69 positibo baieztatu dituzte azken hiru egunetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 22a, 13:21

Osasun Sailak emandako datuen arabera, 1. 228,65era igo da herriko intzidentzia tasa. Herriko zenbait ikastetxetan eragina izaten ari da positiboen gorakada.

Plazaratu berri du Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren azken lau egunetako bilakaera jasotzen duen txostena, eta horren arabera, ostegunetik atzora bitartean 69 kasu zenbatu dituzte Azpeitian: 25 ostegunean, hamabost ostiralean eta hemezortzi igandean. Horrenbestez, 1.228,65era igo da herriko intzidentzia tasa; duela lau egun 1.018,40 zen. Aipagarria da herriko zenbait ikastetxetan eragina izaten ari dela positiboen gorakada.

Urola Kosta eskualdean, 195 kasu positibo zenbatu dituzte guztira. Hori dela eta, gora egin du herri gehienetako intzidentzia tasak, eta guztiak daude eremu gorrian sartuta –gaur-gaurkoz, Jaurlaritzak 150eko intzidentzia tasan dauka muga ipinita–. Aurreko asteko datuen joera berari eutsita, Azpeitiaren ostean, Zarautzen zenbatu dituzte eskualdean kasu gehien: 60. 561,10era igo da herri horretako intzidentzia tasa; duela lau egun 355,51koa zen.

Zenbakirik altuenak bi herri horietan atzeman dituzten arren, joera goranzkoa da gainontzeko herrietan ere. Hala, azken lau egunetan hemezortzi positibo berri zenbatu dituzte Azkoitian –342,15era igo da bertako tasa–, zazpi Orion –498,24ko tasa dute han–, hamabost Zumaian –244,23koa da hango tasa–, hamabi Aian, hamar Getarian, lau Zestoan eta bat Errezilen. Aizarnazabalen eta Beizaman, berriz, ez dute kasu berririk zenbatu azken egunetan.

Ospitaleratzeek gora

Igotzen ari da egunez egun atzematen dituzten positiboen kopurua –300,68 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia metatu metatua–, eta gora egin du ospitaleratuen kopuruak ere; ez du igoera bera izan, ordea, Zainketa Intentsiboen Unitateetako okupazioak. Osakidetzaren ardurapeko ZIUetan 31 lagun daude azken datuen arabera, eta duela lau egun 30 zeuden. Koronabirusak eragindako gaixotasunen batekin ospitaleratuta dauden pertsonak, berriz, 168 dira egun, duela lau egun baino 54 gehiago.