Tecnicur enpresa bisitatu dute Azpeitiko Udaleko eta Iraurgi Lantzeneko ordezkariek

Nerea Uranga 2021ko aza. 19a, 15:30
Tecnicur enpresako bisitan udaleko eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Azpeitiko enpresak ikusteko eta ezagutzeko hartutako konpromisoaren barruan, Azpeitiko Udaleko eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak sukalderako eta bainurako altzari txikiak  nahiz eraikuntzarako panel akustikoak ekoizten dituen Tecnicur enpresan izan dira gaur.

Tecnicur enpresaren bisitan parte hartu dute gaur, ostirala, Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak eta Iraurgi Berritzeneko Itziar Abarisketak eta Jaione Valverdek. Tecnicur enpresako Diego Benitezek hartu ditu bisitan.

Alkortak adierazi duenez, udalarentzako herriko enpresak eta industria ezagutzeak garrantzia handia du, era horretan haiek dituzten lehentasun eta beharren berri zuzenean jakiten dutelako. "Enpresen beharrak eta lehentasunak ezagutzeak baliabide publikoak hobeto bideratzea eragiten du",  gaineratu du alkateak.

Bestalde, enpresetara egiten ari diren bisiten bidez, udalak emandako laguntzekin egindako inbertsioak eta hobekuntzak ezagutzeko aukera dute. Laguntza horiei esker enpresetan egiten dituzten aurrerapenak "oso interesgarriak" direla esan du Alkortak: "Ikusi dugu dibertsifikaziorako edo enpresaren etorkizunari begirako inbertsioetarako balio izan dutela".  Tecnicur enpresaren sorrera, inbertsioak eta proiektu estrategikoak lagundu ditu udalak sustapen ekonomikora bideratutako laguntzekin.

Tecnicur enpresa 2015. urtean sortu zuten, eta sukalderako nahiz bainurako altzari laguntzaileak ekoizten ditu. Zailtasun tekniko handiko piezei irtenbide industriala ematen die. Altzari horiez gainera, eraikuntzarako panel akustikoak egiten dituzte.