Aurrez aurre jartzeko ordua

Andoni Elduaien 2021ko aza. 18a, 15:00
Iazko partida bateko irudia. (Joakin Sudupe)

Anaitasuna eta Lagun Onak futbol taldeek larunbatean jokatuko dute 2021-2022 sasoiko lehen derbia. 16:30ean dute neurketa, Azkoitiko Txerloia zelaian.

Bueltan da Anaitasuna eta Lagun Onak futbol taldeen gizonezkoen derbia, eta bueltan da aurkariari bere taldea gehiago dela esateko partida. Aurten, ordea, bi taldeetako jarraitzaileek hartuko dute protagonismo berezia; horrela, Azkoitiko eta Azpeitiko partidek iaz falta izan zuten arnasa berreskuratuko dute Txerloian eta Garmendipen jokatuko dituzten neurketetan. Larunbatean, 16:30etik aurrera, aurrez aurre jarriko dira Anaitasuna eta Lagun Onak, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian.

Aurreko denboraldiko bi derbiak Anaitasunak irabazi zituen. Azpeitiko Garmendipen neurketaren hondarrean lortu zuten garaipena Azkoitikoek, eta Txerloian 3-2 nagusitu ziren gorriak. Aurtengo partidetako historia idazteko dago oraindik, eta Xabi Artetxe eta Ander Avellaneda Anaitasunako eta Lagun Onakeko entrenatzaileek aurkaria mendean hartzea dute helburu. "Hitzordu bereziena" da Azpeitiko taldearen aurkako derbia Artetxerentzat. "Urteko eta denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetakoa da guretzat, klubarentzat eta herriarentzat. Urte hasieran jarri genuen helburuetako bat da Lagun Onaki irabaztea. Neurketa berezia dugu larunbatean". Avellanedarentzat, ostera, "garrantzi handiko partida" da etzi jokatuko dena. "Egutegia ateratzen dutenean begiratzen den lehen gauzetako bat izaten da noiz izango diren derbiak. Derbiak bi herrien arteko lehia sanoari erantzuten dio, eta jokalari guztiek jokatu nahi duten partida izaten da".

Bi entrenatzaileek balio handia ematen diete jarraitzaileei. Azken denboraldian haien hutsunea nabarmena izan zela diote biek ala biek. "Zaleek iaz ezin izan zuten disfrutatu guk zelaian gozatu genuen adina. Azpeitian eta Azkoitian lortu genuen irabaztea, eta bi partida horietan publikoa egon ez izanaren pena dugu, jakitun baikara gure herriak asko gozatuko zukeela. Aurten, jarraitzaileak harmailetan izango dira, eta pizgarri hori dugu". Avellanedak ere "giro polita" espero du zapatuan. "Futbolak zentzu gutxi du jarraitzailerik gabe. Garrantzitsua da, bereziki azken urte eta erdian pasatu dugunaren ostean, jarraitzaileak harmailetan egotea eta festa kutsuko giroa sortzea".

Xabi Artetxe, Anaitasunako entrenatzailea.

Xabi Artetxe: "Jarraitzaileak zelaian izango dira eta pizgarri hori dugu"

Egoera desberdinetan

Azkoitiko taldea sailkapeneko seigarrena da egun, 22 punturekin, eta jaitsiera postuetan dago Lagun Onak, 11 punturekin. Halere, bi taldeak ez dira ondo iritsiko lehen derbira. Anaitasunak puntu bat batu du azken bi neurketetan, eta Lagun Onakek biak galdu ditu. Artetxeren esanetan, Anaitasunakoak "azken bi asteetakoa baino talde hobea" direla erakusteko gogotsu daude. "Derbira denboraldiko bi partida txarrenak eginda iritsiko gara. Amurrioren aurka asko merezi gabe berdindu genuen, eta Vitoriaren aurka dezenteko astindua hartu genuen, normalean egiten ez ditugun akatsak eginda. Ez dut uste derbian eragingo duenik; are gehiago, joan den astekoa istripua izan zela erakusteko gogoz daude jokalariak". Lagun Onaken egoera Anaitasunarena baino kaskarragoa da, sailkapenari erreparatuta. Avellanedak dio taldeak "sentipen onak" dituela. "Ondo hasi genuen liga, baina kostatu egin zitzaigun emaitza onak lortzea; izan ere, partida ugari berdindu genituen. Taldearen sentsazioak ez dira txarrak zelaian, baina kostatzen ari zaigu ate aurrean asmatzea. Badakigu egoera iraultzeko inflexio puntua izan daitekeela guretzat derbia".

Ander Avellaneda, Lagun Onakeko entrenatzailea.

Ander Avellaneda: "Derbiak bi herrien arteko lehia sanoari erantzuten dio"

Aurkariei buruz

Artetxek partida "gogorra" espero du, eta Avellanedak "irekia". Azkoitikoen entrenatzaileak uste du "zaila" izaten dela derbietan joko ona ikustea, jokalariek "urduritasun puntua" izan ohi dutelako. Halere, argi du larunbateko helburuak zein izan behar duen: urtean zehar lantzen ari direna erakustea eta egin dituzten partida onenetatik gertu ibiltzea. Bestalde, Lagun Onakeko entrenatzaileak azaldu du "ausart" zelairatuko direla Txerloian, beren egoera "iraultzen hasteko aukera" dela sentitzen baitu hark Anaitasunaren aurkako partida.

Bi entrenatzaileek hitz egin dute aurkariei buruz. Artetxerentzat indar handiko taldea da Lagun Onak. "Nahiz eta sailkapenean ez dauden goian, badakigu aurrean izango dugun aurkaria talde indartsua dela eta gauzak ondo egiten dakiela; aurrean izango dugun aurkariak zailtasunetan jarriko gaitu. Une onak eta txarrak izango ditugu, baina une ona ahalik eta gehien luzatzen saiatu behar dugu. Aldiz, beren momentuak ahalik eta motzenak izan daitezen ahalegindu behar dugu, eta horietan ondo erantzun".

Avellanedak bere jokoa erakutsiko duen Anaitasuna espero du Txerloian. "Artetxeren bitartez lan bikaina egiten ari da Anaitasuna azken bi-hiru urteetan. Herriko jokalari askorekin ari dira, beren jokamoldea oso zehaztuta dute, eta hor daude emaitzak. Iaz, Hirugarren Mailako igoera faseko finalerdietara iritsi ziren, joko ona eginda. Denboraldi ona ari dira egiten, eta jokalari arriskutsuak eta interesgarriak ditu goiko lerroan". Larunbatak ebatziko du aurtengo derbiaren historia zein aldek idatziko duen, Azkoitiak ala Azpeitiak, Anaitasunak ala Lagun Onakek.