'Un año mas' filmaren emanaldia eta solasaldia, Atzegiren kanpaina berriaren atariko

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 17a, 09:57
'Un año mas' filmaren irudia.

Bihar 19:00etan emango dute Soreasu antzokian Paco Bernal zenaren bizipenetan oinarritutako dokumentala, eta solasaldia izango da ondoren Julio Suarez zuzendariarekin eta Bernalen arreba Rosarekin.

Atzegik eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatuta, emanaldi berezia izango da bihar arratsaldean Soreasu antzokian. Hasteko, 19:00etan, Julio Suarezek zuzendutako Un año mas (Espainia, 2019) film dokumentala emango dute; filma bukatutakoan, berriz, Suarezek berak eta Rosa Bernalek solasaldia eskainiko dute Soreasun.

Paco Bernal zenaren arreba da Rosa, eta biak dira bihar Azpeitian ikusgai izango den filmaren protagonistak. Margolaria zen Bernal. Down sindromea zuen, eta biriketako gaitz bat ere bai; urteak betetzea garaipena zen beretzat, eta modu berezian ospatzen zituen, horrenbestez, urtebetzeak, Rosa arrebak lagunduta. Hain zuzen ere, Pacoren 54. urtebetzearen ingurumariak daude filmaren ardatzean. Honela dio, hain zuzen, filmaren sinopsiak: "Ospakizun honetan kezka bakarra dago: Pakoren biriketako arazoak. Bere urtebetetzea erresistentziaren eredu bihurtu da, bizitzaren garaipena, bai berarentzat, bai ingurukoentzat. Bere osasun arazoak eta gizartearekin duen harremana bere nortasuna markatu duten baldintzatzaileak dira, eta bere barne indarra indartu dute, urtez urte, bizitzaz eta bere pasioaz gozatuz: pintura".

Etzi, Donostian egingo duten ekitaldi batekin, jarriko da martxan Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpaina, eta kanpaina hasiera horren atariko gisara prestatu dute biharko emanaldia Azpeitian. Dena den, herrian bertan ere aurkeztuko dute kanpaina, datorren astean.