Erretratua

Felix Iturria: "Asko aldatu dira tabernako ohiturak eta lan egiteko modua"

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 8a, 10:41

Felix Iturriaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Gaztea zela hasi zen tabernan lanean Felix Iturria. Nork esango zion orduan 45 urte egingo zituela barraren atzean. Han eta hemen ibili da; Xanadutik igaro da, eta orain Sanjuandegin du bere txokoa. Kantoi tabernako nagusia da, eta bertan elkartu da Uztarriarekin, 2021eko azaroko aldizkariko Erretratua atalean urte luzeetako ibilbidea errepasatzeko.

Bizitza oso bat darama barraren atzean Felix Iturriak (Errezil, 1959), eta ez taberna bakarrean. Gaztea zela, Azpeitian hasi zuen ostalaritza arloko ibilbide profesionala, ordurako zerbitzari gisa aurreneko esperientziak bizita zegoen arren. Urteetan hara eta hona ibili ostean, gaur egun herrian jarraitzen du lanean, Sanjuandegiko Kantoi tabernan. Badu zer kontatua, barraren atzetik ere begiratzen baitzaio bizitzari.

45 urte daramatza Iturriak zerbitzari lanetan. Tira, zerbitzari eta tabernari lanetan; batzuetan besteen agindupean, eta besteetan bere negozioa aurrera ateratzeko lanean. Barra atzeko lehen esperientziak Hernion bizi izan zituen hark. Honela gogoratu ditu hastapenak: "Umetan Errezilera joaten ginen, eta Hernioko gurutze azpiko bordan taberna jartzen genuen. Zintak saltzen genituen han, baita salda, pattarra, ardoa eta orduan ezaguna zen sol y sombra ere. Hernioko festetan jartzen genuen taberna, eta 14 urterekin hango mostradorean hasi nintzen lanean". Dena den, aurreneko lan esperientzia "profesionala" 16 urterekin izan zuen, Eguzkitza kafetegian. "16 urte beteta, tailerrean lanean hasteko asmoa nuen. Orduan berehala hasten zen jendea tailerrean lanean. Fundizio lana nuen begiz jota, baina aitak bizitza osoa zeraman horretan, eta etxekoek bazekiten lan gogorra zela. Beraz, ez zidaten lan horretan hasten utzi. Handik egun gutxira iragarki bat entzun nuen Herri Irratian, zerbitzari bat behar zutela eta...". Horrela, iragarkiak tentatuta, tabernara joan eta hantxe hasi zen lanean; zehazki, Azpeitiko Eguzkitza tabernan. "Ez nuen uste bizitza osoa tabernan igaroko nuenik", gaineratu du, barrez.

Hamaika esperientzia eta ikasgai

Garai hartan jendeak "orain baino barre gehiago" egiten zuela gogoratu du Iturriak, eta bera lanean hasi zenetik, tabernako ohiturak "ikaragarri" aldatu direla nabarmendu du. "Garai hartan jendeak lanean irabazten zuena kalean eta bestelako kontu batzuetan gastatzen zuen. Egunero-egunero, etxera joan aurretik txikiteoa egiteko ohitura zegoen, eta bezeroek lanera joan aurretik kafe konpletoa hartzen zuten. Orduan txartel moduko batzuk erabiltzen ziren tabernetan, eta kafe konpletoak ohikoak ziren. Gainera, jendea taberna giroan asko egoten zen; lagunarte handia sortzen zen eta barre asko egiten zuen jendeak", gogoratu du, nostalgiaz.

Iturria, Kantoiko barra atzean. (Maialen Etxaniz)

Ostalaritza ibilbidea Eguzkitzan hasi bazuen ere, han-hemenka ibili zen Iturria urteetan zehar. Eguzkitzan denbora bat egin ondoren, hango nagusiak beste taberna bat erosi zuen Bergaran (Gipuzkoa), eta hara lekualdatu zen. Bergaran zortzi urte egin eta Azpeitira itzuli zen berriro; Eguzkitzara. "Garai hartan izan nuen tabernako lana uzteko tentazioa, oso lan lotua baita, eta emaztearekin gehiago egoteko beharra nabaritzen nuen. Urtebete egin nuen tailer batean, baina urtea pasatuta, tabernara itzuli nintzen. Jarraian, Loiolako Xanadu taberna hartu nuen, eta hemezortzi urte egin nituen han", kontatu du. Bitarte horretan, beste hainbat txokotan ere ibili zen festa garaian laguntzen, hala nola Iruñeko sanferminetan, Donostiako Aste Nagusian, Oñatin (Gipuzkoa)...

Xanadu irekitzea aldaketa handia izan zen Iturriarentzat, eta ondo gogoan du hori: "Taberna txiki batean lan egitetik 600 metro koadroko lokal bat zuzentzera pasatu ginen. Aldaketa handia da hori. Xanaduk diskoteka eta dantzalekua zituen, eta berandu amaitzen zen hango lana. Atzerritar ugari ibiltzen zen: Japoniakoak, Australiakoak, AEBetatik etorritakoak, Txiletik eta Argentinatik iritsitakoak... Ezkontzak ere ugari izaten ziren orduan". Xanadun bizitako urteak "oparoak" izan zirela aitortu du azpeitiarrak; izan ere, sasoi hartan astero-astero egoten ziren askotariko ospakizunak. "Kiruriren babes handia genuen Xanadun. Haren bitartez, bost ezkontzako egunak ezagutu izan ditugu. Orduan, ostiraletan, larunbatetan nahiz igandeetan egiten zituzten ezkontzak. Xanaduko dantzalekuarekin lan asko egin eta asko ikasi genuen. Beti zegoen zerbait: ezkontzak ez baziren, jaurnartzeak, Lagun Onakeko futbolarien bazkari-afariak, tailerretako afariak, despedidak...", kontatu du.

Baina urteak ez dira alferrik igarotzen, eta gaueko lanaren ondorioak beren azalean nabaritzen hasi ziren Iturria eta haren etxekoak. Hori dela eta, Xanadu utzi eta beste zerbaiten bila hasi ziren: "Hemezortzi urteren ostean, ohartu ginen adinean aurrera gindoazela. Gaueko giroa desberdina da, eta une batzuetan oso gogorra da aurpegia eman behar izatea. Beraz, taberna txiki bat hartzea polita izan zitekeela pentsatu genuen. Ez nuen kale aldean hartu nahi, nahiago nuen auzo giroko zerbait, eta horrela, lehen Diego zena erosi genuen. Orain Kantoi taberna da, eta dagoeneko hamar urte betetzera goaz".

(Utzitakoa)

Gauzak aldatu dira

Iturriak azaldu duenez, urteen joanarekin asko aldatu dira kontsumo ohiturak, joerak nahiz edarien izenak. Lan egiteko modua ere asko aldatu dela dio, "onerako", gainera. "Ni lanean hasi nintzenean ez zegoen ur berorik, eta dena ur hotzarekin garbitzen zen. Egun guztia edalontziak garbitzen eta kamerak betetzen pasatzen genuen. Gaur egun, asko erraztu da lana. Lehen, kafeterak pizteko ordubete egon behar izaten zen zain, eta horregatik, lehenago joan behar izaten genuen lanera. Ontzi garbigailua ere ikaragarrizko aurrerapena izan da. Orain tabernak oso ondo prestatuta daude". Hori bai, tabernako giroa apalduta dagoela nabari du, eta haren arabera, gaur egun astegunetan jendea etxean ezkutatzen da 22:00etarako.

Azpeitiarrak dio tabernako lanak alde onak eta txarrak dituela, baina bera gustura dago oraingoz. Hori bai, argi dio oso lan lotua dela, eta ezin duela nahi duenean nahi duena egin: "Sagardotegira joan nahi baduzu, futbola ikusi nahi baduzu, lagunekin atera... ezin da. Lotura handia da taberna". Dena den, "zorte ona" ere badu Iturriak: emaztearen babesean egiten du lan, biek baitaramate aurrera Kantoi taberna. Urte luzeetako esperientzia darama Iturriak soinean, eta oraingoz ez du bere Kantoitik ateratzeko asmorik. Hori bai, ahal duenean deskonektatzeko tartea hartzen du, kaletik kanpo duen lursaileko baratzean aritzeko nahiz animaliekin egoteko.

Motzean

Jaiotze data: 1959ko abenduaren 12a.
Ikasketak: Oinarrizko ikasketak eta bizitzan ikasitakoak.
Lanbidea: Ostalaria.
Tabernaria ez banintz... Tailerren batean edo, auskalo.
Lanetik ateratzean gogoko dut... Deskonektatzeko, baratzean nahiz animaliekin aritzea eta motorrean ibiltzea.