Elkarrizketa

Ainitze Odriozola: "Gero eta normalagoa da lagundutako ugalketa baliatzea"

Elena Marguello 2021ko aza. 30a, 10:42
Ainitze Odriozola, lantokian. (Utzitakoa)

Biomedikuntzan graduatua eta Zitogenetika eta Ugalketaren Biologian aditua, espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonentzat baliabide terapeutikoa sortzeko doktoretza tesia egiten ari da Odriozola. Luze hitz egin du areagotzen ari den antzutasunaz nahiz horri aurre egiteko teknikez, 2021eko azaroko Uztarria aldizkarian.

Ainitze Odriozola (Azpeitia, 1996) Biomedikuntzan graduatua da, eta Zitogenetika eta Ugalketaren Biologia masterra egin ondoren, doktorego ikerketa egiten ari da; espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa sortzea du helburu lan horrekin. Odriozola eta ikerketako taldekideak gailu hori sortzeko bidean ari dira buru-belarri.

Zer ikasketa egin dituzu?

Biomedikuntza ikasi nuen; Euskal Herrian ez zegoen gradu horretako eskaintzarik, eta Lleidara (Katalunia) joan nintzen ikastera. Betidanik gustatu izan zait osasungintza, eta praktikaldietan konturatu nintzen laborategiko lana gustuko nuela. Geroago, giza ugalketa eta lagundutako ugalketa interesatzen hasi zitzaizkidan, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Zitogenetika eta Ugalketaren Biologia masterra egitea erabaki nuen. Bartzelonan praktikak egin ondoren, gai horren inguruko tesia egiteko aukera sortu zitzaidan, eta orain, doktoretza tesia egiten ari naiz Bilbon.

EHUn ari zara egiten doktoretza tesia. Zertan datza zure ikerketak?

Gurea giza ugalketa taldea da. Bilboko Medikuntza fakultateko Fisiologiako departamentuan egiten dugu lan, eta bertan giza ugalketa, batez ere gizonena, hobeto ulertzen saiatzen gara. Lagundutako ugalketan tresna gehienak emakumeentzako eta emakumeak aztertzeko daude eginda. Dena den, gizonezkoen arloa ere garrantzitsua da; izan ere, %50 da gizonezkoen faktorea. Gu, beraz, gizonezkoen alde hori aztertzen saiatzen gara. Zehazki, Gurutzetako eta Galdakaoko ospitaleetako semen laginekin egiten dugu lan, eta horiekin ugalketako gaiak hobeto ulertzen saiatzen gara, molekulei dagokienez nahiz fisiologikoki. Momentu honetan, doktoratu aurreko bi ikertzailek, doktoratutako beste hiruk eta zuzendariak osatzen dugu taldea.

Espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa sortu nahi duzue. Zer litzateke baliabide terapeutiko hori? Nola funtzionatuko luke?

Antzutasuna honela definitzen da: bikote batek hamabi hilabetez sexu harremanak izan eta umerik ezin edukitzea. Halako kasuetan, jende askok lagundutako ugalketara jotzen du. Lagundutako ugalketaren bidez lehenengoan umea izango dugula pentsatzea ohikoa den arren, lehen saiakeran umea izateko aukera %30ekoa da, gutxi gorabehera. Ohiko diagnostikotik ihes egiten duten akats espermatikoekin lotu daiteke ehuneko baxu hori. Espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoen kasuan, lagundutako ugalketa tekniken arrakasta tasak asko murrizten direla ikusi dugu. Baina zer dira akats kromosomikoak? Espermatozoide bakoitzak 23 kromosoma eduki behar ditu obuluarekin batutakoan 46 kromosoma izateko eta informazio genetiko guztia haurrari pasatu ahal izateko. Akats kromosomikoak daudenean, informazioa ez da guztiz egokia, eta batzuetan ez da bizitzarekin bateragarria; abortuak sortu ohi dira halakoetan. Beste batzuetan, bizitzarekin bateragarria izan daiteke informazioa, baina Down edo Klinefelter bezalako sindromeak sortzen dira.

Gure lana da espermatozoide lagin desberdinak aztertzea, horien azalean dauden proteinak ikertzea eta osasuntsuak direnen eta akatsak dituztenen artean desberdintasunik ba al dagoen ikustea. Desberdintasun horietan oinarrituta, soilik osasuntsuak diren espermatozoideak hautatzeko metodo bat sortzea da gure helburua.

Nola atzematen dituzue kromosometan alterazioak dituzten espermatozoideak?

Gaur egun, akats kromosomikoak aztertzeko bide bakarra FISH izeneko teknika da. Hori erabiliz gero, ordea, lagina suntsitu egin behar da, eta beraz, ezin da gehiago erabili. Gure intentzioa, ordea, lagin bateko akatsak kendu eta hori erabiltzeko aukera eskainiko digun gailu bat sortzea da.

Behin hori eginda, zein da hurrengo urratsa?

Akatsak dituzten laginak atzeman ondoren, osasuntsuekin alderatzen ditugu. Horretarako, besteak beste, proteomika teknikak erabiltzen ditugu, bi taldeen artean dauden desberdintasunak bilatzeko.

Zer-nolako emaitzak ari zarete izaten?

Nahiko emaitza onak ari gara izaten momentuz. Orain, akatsak dituzten espermatozoideak laginetik kenduko dituen gailu medikoa diseinatzea dugu helburu.

Odriozola, laborategian. (Utzitakoa)

Ikerketari dagokionez, zein dira epe laburreko helburuak?

Gailu mediko horren diseinuarekin ari gara lanean buru-belarri, beste enpresa bioteknologiko batzuekin elkarlanean. Sistema mikrofluidiko bat sortzen ari gara espermatozoide onenak aukeratzeko. Gailu mediko hori diseinatzea eta bitartean espermatozoideen fisiologiari buruz gehiago jakin ahal izatea dira helburuak.

Eta epe luzekoak?

Gailu hori kliniketan ezarri ahal izatea nahiko genuke; hau da, tresna erraz, azkar eta eraginkor bat sortzea lagundutako ugalketa zentroetan espermatozoide onenen hautaketan laguntzeko eta arrakasta tasak hobetzeko.

Emakumeetan ere izango dira antzutasun kasuak. Horren inguruko ikerketak egin al dira historian zehar?

Askoz gehiago izan dira emakumeen antzutasunari buruz egin diren ikerketak; orain arte, antzutasunaren arazoa emakumeen aldetik bakarrik jorratu da. Lehen pentsatzen zen lan guztia obuluak egiten zuela eta espermatozoideak ehuneko txiki batean bakarrik eragiten zuela. Orain, berriz, espermatozoideek pentsatzen genuena baino eragin handiagoa dutela ikusten ari gara, eta antzutasun kasuen ia %50 gizonaren faktoreak eragiten dituela. Guk ez dugu ikerketarik egin emakumeen antzutasunaren inguruan, orain arte asko egin izan direlako.

Antzutasuna aztertzerakoan, gehienetan, proba asko egiten zaizkio emakumeari. Nire ustez, paraleloki egin beharko lirateke gizonenak eta emakumeenak; izan ere, hala egin ezean, karga handiagoa jasaten du bikoteko kide batek, eta bikotearena da arazoa, ez batarena edo bestearena. Hori bai, gizonezkoaren proba egitea askoz ere errazagoa da, lagin bat hartu eta hori aztertzea nahikoa baita, proba inbaditzailerik egin gabe. Antzutasuna gizonezkoarena dela jakin badezakegu, emakumeari proba inbaditzailerik egin beharrik ez dago.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, azken hamar urteetan antzutasun kasuak izugarri areagotu dira. Zer dela-eta gertatu da hori?

Faktore asko daude hori azaltzeko. Gero eta beranduago izaten ditugu haurrak, eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, emakumeok obulu jakin batzuekin jaiotzen gara, eta pixkanaka-pixkanaka, hilerokoarekin, obulu horiek bota egiten ditugu; era berean, gelditzen diren obuluak zahartzen joaten dira. Ikusi da 35 urtetik aurrera arazoak izateko aukerak asko ugaritzen direla; adin horretatik aurrera, asko jaisten da haurdunaldi tasa. Estresak, bizi erritmoak eta abarrek ere asko eragiten dute antzutasunean, baita elikadurak eta kirolak ere. Beti laguntzen du bizimodu osasuntsua izateak.

Nola zaindu behar litzateke antzutasun aukerak murrizteko?

Atsedenari garrantzia emanda, elikadura osasuntsua izanda, eta ahal den neurrian, estres maila jaitsita. Dena den, egia da ingurumenean gero eta kutsadura handiagoa dagoela eta jatekoei gero eta substantzia kimiko gehiago botatzen dizkietela; horrek ez du laguntzen. Bestalde, gure sexu harremanek ahalik eta osasuntsuenak izan behar dute. Askotan, obsesio puntu batera irits gaitezke ume bat eduki nahi eta ezinagatik, eta horrek berak estresa sortu eta haurdun gelditzea zailtzen du askotan.

Datuen arabera, beraz, geroz eta zailagoa da haurdun geratzea, eta gainera, geroz eta zailagoa da baliabide terapeutikoak ordaintzea ere.

Gaur egun, lagundutako ugalketa badago Gizarte Segurantzan, baina sekulako itxarote zerrendak daude; kasu batzuetan, bi urte ere pasatu daitezke norbere txanda iritsi arte. Bide pribatua hartzeak, berriz, esfortzu handia eskatzen du ekonomikoki. Horregatik, lagundutako ugalketaren tratamenduak hobetzeko bidean, garrantzitsuak dira gurea bezalako ikerketak; izan ere, arrakasta tasak igotzen badira, denbora gutxiagoan egin ahalko da prozesu osoa, eta beraz, merkeagoa izango da guztia. Era berean, psikologikoki ere gauzak errazagoak lirateke bikotearentzat.

Oso garrantzitsua da alor honetan ikertzen jarraitzea. Oraindik giza ugalketaren inguruko galdera asko daude erantzuteko, baina ez da asko ikertzen hobekuntzak egiteko; izan ere, negozioa eginda dago jada. Dena den, haur bat etxean izan arteko denbora murrizteak kostu ekonomikoak eta kostu psikologikoak murrizten ditu.

(Utzitakoa)

Bestelako zer prozesu daude haurdun geratu ahal izateko?

Lagundutako ugalketa tekniken alorrean, intseminazio artifiziala eta in vitro ernalketa daude. Intseminazio artifiziala teknika sinpleagoa da, ez da oso inbaditzailea, eta ebakuntza gelatik igaro gabe egin daiteke. Teknika horren bidez, emakumearen obulazioa estimulatzen da, eta gizonezkoaren semen lagina aztertzen da, obulazioa egiten den unean umetokian espermatozoide mugikor nahikoa jarrita. In vitro ernalketa, aldiz, teknika inbaditzaileagoa da, baina haren arrakasta tasak hobeak dira. Kasu horretan, lehenik emakumearen obulazioa estimulatzen da, ondoren obuluak erauzten dira, eta gero, laborategiko ernalketa egiten da. Ernalketa egiterakoan bi aukera daude: obuluak espermatozoideekin harremanetan jarri edo zuzenean espermatozoide bat obulu barruan sartu (ICSI). Azkenik, enbrioien transferentzia egiten da.

Zenbat ordaindu behar du bikote edo familia batek klinika pribatu baten bidez lagundutako ugalketa baliatu nahi badu?

Ziklo bat deitzen zaio prestaketatik eta in vitro ernalketara arteko prozesuari. In vitro ernalketa egiteko, hainbat fase igaro behar dira. Lehenik, gizonezkoa eta emakumezkoa aztertzen dira, eta emakumeak hormonak hartzen ditu obulu kopurua handitu ahal izateko. Gero, obulu horiek atera egiten zaizkio, laginak hartzen dira, ernaldu egiten dira eta ondo daudenak berriro sartzen dira. Ziklo hori egin eta lehenengoan haurdun geratzen direnak %30 izaten dira, gutxi gorabehera. Ziklo hori ez bada aurrera joaten, beste ziklo bat hasi behar da zerotik. Ziklo bat, gutxi gorabehera, 3.000 euro kostatu ohi da. Beste batzuetan, 'haurdunaldi ziurra' deituriko paketeak ere saltzen dira.

Nola eragiten du psikologikoki prozesu horrek guztiak?

Oso prozesu zaila izan ohi da psikologikoki. Denboran asko luzatzen den kontua izan ohi da, eta bikote askok motibazioa galtzen dute. Ziklo batekin haurdun geratzea lortzen bada, dirua gastatuta ere, sentipen onak izan ohi ditu bikoteak. Dena den, normalean, bi edo hiru urte irauten du prozesu guztiak, eta presio asko sortzen ditu horrek bikote harremanean: sexu harremanak kalitatezkoak izatetik urrun gelditzen dira, eta bikote harremaneko helburua haurra izatea bihurtzen denean, arazoa sortzen da. Dena den, errealitate horretaz jabetuta, geroz eta klinika gehiagotan eskaintzen dute laguntza psikologikoa tratamenduaren barruan; geroz eta gehiago lantzen da alor hori.

Lagundutako ugalketa oraindik tabu bat da gizartean, eta jendeari kostatu egiten zaio horretaz hitz egitea.

Jendeari asko kostatzen zaio gai honetaz hitz egitea. Zaila egiten da oraindik umerik ezin dutela eduki edota emaileetara jo behar dutela aitortzea. Gutxi hitz egiten da, baina gure artean geroz eta normalagoa da lagundutako ugalketa baliatzea. Beraz, tabuak alde batera utzi eta normaltasunez hitz egiteari ekin behar diogu. Gainera, tabu izateari uzteak psikologikoki prozesua erraztea ere ekarriko lukeela uste dut.