'Sendabelarrek dakitena' liburua aurkeztu du Garbiñe Larreak

Julene Frantzesena 2021ko aza. 3a, 10:42
Garbiñe Larrea atzoko aurkezpenean. (Argia)

Argia-rekin kaleratu du liburua Azpeitiko bizilagunak, eta atzo aurkeztu zuen lana Donostian. 45 sendabelarri buruzko informazioa jaso du urnietarrak liburuan, jendeak landare horiek "zerbait egiteko" ezagutu ditzan.

Garbiñe Larrea naturopatak Sendabelarrek dakitena. Ezagutu, bildu eta erabili liburua aurkeztu zuen atzo, asteartea, Donostiako udal liburutegi zaharrean. Argiarekin kaleratu du liburua Azpeitiko bizilagunak, eta atzoko aurkezpenean Estitxu Eizagirre kazetaria izan zuen bidelagun. Hark egindako galderei erantzunez egin zuen lanaren aurkezpena Larreak.

45 sendabelarri buruzko informazioa jaso du urnietarrak liburuan, jendeak landare horiek "zerbait egiteko" ezagutu ditzan. "Poz hartuko nuke liburua urte batzuk barru etxeetan zikinduta, doblatuta eta gastatuta ikusiko banu. Ez nuke nahi irakurketarako soilik izaterik; ez dut nahi jakite hutserako izatea, egitearen poderioz ikastea baizik". Hala eta guztiz, hark dioenez, jakintza teorikoa "ezinbestean" behar da landareak ezagutzeo edo identifikatzeko, eta horregatik, jasotak informazioa "modu orekatuan" ematen saiatu da. "Landareak ezagutzea garrantzitsua da, segurtasunagatik ere bai, ez nahasteko".

Sendabelarren ezagutzaz eta horien erabileraz ere hitz egin zuen Larreak, eta hark azaldu zuenez, iburua "egokia" da gai horretan zerotik hasten denarentzat. Dena den, gaiaren bueltan urtean daramatzatenek ere "zerbait" aurkiko dutela adierazi zuen. "Denen interesa piztea nahi izan dut, eta ekarpena egitea. Adibidez, askok kamamila hartzeko ohitura izango dute, baina ez zaie bururatuko oliotan beratzea. Beraz, lehendik erabiltzen duen horri erabilera berri bat ematea interesgarria iruditu zait".

Larreak dioenez, sendabelarrak "ondarea" dira. "Ondare inmateriala, hainbeste dokumentatu ez dena, ahoz aho eta herri jakintzan gorde dena. Eta hori jasotzeak badu balio bat, bada aberastasuna eta bada gure kultur identitatearen parte bat. Hori modu testimonialean jaso beharrean, balio handikoa da bizitzaren parte egitea niretzat".

Sendabelarren gaia transmititzearekin "deskantsatuta" gelditu dela ere esan zuen: "Hainbat gai transmititzearekin atseden handi bat hartu izan banu bezala sentitzen dut".