39. Euskal Antzerki Topaketak

Txotxongilo berriak ekarri ditu Corrado Masaccik Azpeitira

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 2a, 12:38

Atzotik ikusgai dago Corrado Masaccik sortutako txotxongiloen erakusketa Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Masaccik urteak daramatza Azpeitira etortzen eta sortutako harizko txotxongiloak herritarrei erakusten. Aurten, ordea, aurrez Azpeitian erakutsi gabeko panpinak ekarri ditu. Erakusketa zabalik izango da goizez eta arratsaldez azaroaren 15a bitarte. 

Corrado Masacci txotxongilo sortzailea Azpeitian da beste urte batez. Hain zuzen, azken urteetan egin bezala, Euskal Antzerki Topaketen bueltan iritsi da Azpeitira, bere txotxongiloak herritarrei erakusteko. Foru Ibilbideko aretoan jarri du erakusketa txotxongilo egile italiarrak, eta zabalik dago atzotik. Urteak daramatza Masaccik Azpeitira etortzen. Aurten, ordea, aurrez ekarri gabeko panpinak jarri ditu ikusgai Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Azaroaren 15era arte egongo da irekita, goizez nahiz arratsaldez.

Urtero bezala, herriko ikastetxeetako ikasleek erakusketa bisitatzeko aukera izango dute datozen egunetan. Gaur jaso du ikasleen aurreneko bisita Masaccik, eta hark bere ibilbidearen inguruko azalpenak eman eta aurten ekarri dituen txotxongiloen inguruko xehetasunak azaldu dizkie gaztetxoei. 

Artista italiarrak 40 urtetik gora daramatza txotxongiloen munduan murgilduta, eta egun Ondarroan (Bizkaia) duen tailerrean ematen die bizia surrealismoz eta metaforaz jantzitako irudiei. Panpin bakoitzak du bere istorioa. Antzerkiaren eta txotxongiloen arteko harremaraz galdetuta, hark dio bi diziplinek "praktikan lengoaia bera" dutela: " Antzerkiaren lengoaia ezagutu behar da txotxongiloak egiteko, eta hori ikuskizunetara nola eraman asmatu behar da. Txotxongiloekin zailagoa da mezua ikus-entzuleari helaraztea, mugimenduak oso mugatuak baitira. Horregatik, antzerkian bezala, ezinbestekoa da mugimenduak menderatzea. Aldi berean, ikuslearen arreta nola bereganatu pentsatu behar da, ikusleak obrari lotuta geldi daitezen".