Sormenaren Kabia beka eskuratu du Joseba Agirrezabalaga azpeitiarrak

Anartz Izagirre 2021ko urr. 20a, 09:15
Joseba Agirrezabalaga, lanean. (Unai Sorarrain)

Alkizako Udalak antolatzen du egitasmoa, eta aurtengoa laugarren edizioa izan da. Agirrezabalagak hiru asteko egonaldia egin du Alkizan, eta naturako elementuak izan dira bere proiektuetako protagonistak. Abenduaren 17an jendaurrean aurkeztuko du  bekari esker gauzatutako lana.

Joseba Agirrezabalaga artista plastiko azpeitiarrak Alkizako Udalak antolatzen duen Sormenaren Kabia beka eskuratu du. Egitasmoaren laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta antolatzaileek adierazi dutenez, beka horren bitartez hainbat artistak "naturgune paregabean hausnartu, esperientziak partekatu eta lan egiteko aukera" izan dute beste behin.

Aurten, guztira, hamabost lan aurkeztu dituzte bekara, eta epaimahaiak —Susana Cencillo musikariak, Mariasun Landa idazleak, Txiki Keixeta margolari eta eskultoreak eta Koldobika Jauregi eskultoreak osatu dute— literatura eta ilustrazioa nahiz monotipia eta serigrafia uztartzen dituzten proposamenen alde egin du edizio honetan.

Bekaren beste irabazlea Ione Larrañaga ilustratzailea izan da, eta Agirrezabalagak eta biek hiru asteko egonaldia eskuratu dute, Hernio mendiaren magalean; azpeitiarrak dagoeneko egin du egonaldia, eta orain, Larrañagaren txanda izango da. Naturako elementuak izango dira beren proiektuetako protagonistak, eta abenduaren 17an Fagus Alkiza interpretazio zentroan jendaurrean aurkeztuko dute bekari esker gauzatutako lana. Halaber, bi artisten lanak Alkizako Ur Mara museoan eta Fagusen egongo dira ikusgai abenduaren 17tik urtarrilaren 10era bitartean. Horrez gain, urtero legez Unai Sorarrain bideogileak ikus-entzunezko bana egingo du bi sortzaileen lana ezagutara eramateko.

Naturarekiko "erlazio estua"

Joseba Agirrezabalaga azpeitiarra Arte Ederretan lizentziatua da, eta Arte Ikerkuntzako masterra egin zuen Madrilgo UCM unibertsitatean. Agirrezabalagaren lan plastikoek lotura estua izan dute naturarekin, eta naturaren formak ardatz bezala hartu izan ditu askotan konposizio abstraktuak sortzeko orduan. Besteak beste, marrazkiak, pintura eta hainbat teknika grafiko erabiltzen ditu artistak irudiak sortzeko.

Alaitz Alberdi artistarekin proiektu bat partekatzen du, eta bien artean teknika grafikoen Labana eta Orbana lantegia zuzendu zuten Azpeitiko Dinamoa sormen gunean.