Eneko Barkin eta Inaxio Sorazu, Europako Jiu-jitsu Txapelketara

Inaxio Sorazu, Jonathan Terron eta Eneko Barkin. (Utzitakoa)

Jonathan Terronen ikasleak eta Azpeitiko Condor klubeko kideak dira Barkin eta Sorazu. Bihar jokatuko dute txapelketa Valentzian, eta gogotsu daudela diote. Terronek ezin izango du txapelketan parte hartu, baina bere ikasleek lan ona egingo dutela uste du. Zuzenean jarraitu ahal izango da txapelketa Internetez. 

Hitzordu berezia eta garrantzitsua dute asteburuan Eneko Barkin azpeitiarrak eta Inaxio Sorazu zestoarrak. Izan ere, Europako Brazilian Jiu-jitsu Txapelketan lehiatuko dira bihar, larunbata, Valentzian. Maila horretan arituko diren aurreneko aldia izango da biharkoa, eta bi jiu-jitsulariak gogoz daude. Azpeitiko bizilagun eta Europako txapeldun Jonathan Terronen ikasleak dira Barkin eta Sorazu, Azpeitiko Condor klubeko kideak, hain zuzen.

Biharko txapelketan, Tatami 8an arituko dira, pisu ertaineko helduen mailan. Final zortzirenetan sartuko dira lehian Barkin eta Sorazu, eta ez duke elkar ikusiko kanporaketetan. Biak finalera iristekotan soilik neurtuko dituzte indarrak elkarren aurka. Guztira, 27 parte-hartzaile arituko dira pisu ertaineko helduen mailan. 

12:30ean hasiko dira lehian, eta txapelketa zuzenean emango dute honako lotura honetan. Terronek adierazi duenez, ikasleak "oso gogor" aritu dira lanean. Hori dela eta, uste du Barkinek eta Sorazuk lan ona egingo dutela Europako txapelketan. "Posible da dominaren batekin itzultzea", gaineratu du. Terronek aurten ezin izango du parte hartu Europako sariketan, "laneko kontuak tarteko", baina datozen hilabeteetan hitzordu garrantzitsuak izango ditu. Besteak beste, Espainiako Txapelketa jokatuko du Azpeitiko bizilagunak. 

Lehiarako prest eta gogotsu

Eneko Barkinek 25 urte ditu, eta 2018an hasi zen jiu-jitsua praktikatzen Urretxuko lokal txiki batean. "Azpeitian ez zegoen jiu-jitsua praktikatzeko lekurik, eta Urretxura joaten ginen. Denborarekin, ikusita hara joaten ginen pertsona gehienak hemen ingurukoak ginela, Azpeitian leku bat bilatzen saiatu ginen. Orain, judoko klubaren leku berean entrenatzen dugu, Landetan", kontatu du Barkinek. "Pandemia dela eta geldirik egon garenez, esan daiteke bi urte inguru daramatzadala kirol hau praktikatzen", gaineratu du. Beraz, biharko hitzordua berezia izango da jiu-jitsulari gaztearentzat.

Larunbatera sasoi onean iristeko, azken hilabeteetan lanean aritu direla adierazi du azpeitiarrak: "Borrokak prestatzeko lan espezifikoa egin dugu. Nire kasuan, lehiatzeko maila desberdin bat probatzea nahi nuen, beste kategoria batean aritzea. Hori dela eta, lau-bost kilo jaitsi behar izan ditut, eta nutrizio aldetik asko zaindu behar izan naiz beheko kategoria horretan aritu ahal izateko. Egia esan, ez da batere erraza izan pisua jaistea. Dena den, zapaturako gogotsu eta motibatuta gaude. Ea zerbait polita egiten dugun". 

Aurrera begira dituzten asmoez galdetuta, jiu-jitsuan jarraitzeko asmoa erakutsi du Barkinek: "Ikusiko da aurrera begira zer egiten dugun; ea nola moldatzen naizen kategoria berrian. Horren arabera ikusiko nuke zein kategoriatan jarraitu. Dena den, hemendik gutxira badago beste txapelketa bat Euskal Herrian, eta bertan parte hartzera animatuko garela pentsatzen dut". Era berean, azpimarratu du urtez urte herritar gehiagok praktikatzen dituela arte martzialak Azpeitian. Hori dela eta, herritarrak jiu-jitsua nahiz gainerako arte martzialak probatzera animatu ditu, eta nahi izatekotan Condor klubarekin harremanetan jartzeko deia egin du. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide