Azpeitiko langabezia tasa 2,8 puntu jaitsi da urtebetean

Julene Frantzesena 2021ko urr. 19a, 10:00

Uda sasoia bukatuta, herriko langabezia tasak behera egin du. Lanbidek emandako datuen arabera, irailean %7,4koa zen herriko langabezia tasa. Urola Erdiko, Gipuzkoako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ehunekoen azpitik dago Azpeitiko zenbatekoa.

Udako oporren ostean, Azpeitiko langabezia tasak beherazko joerarekin jarraitzen du. Izan ere, Lanbidek emandako datuen arabera, irailean %7,4koa zen herriko langabezia tasa; hau da, 539 lagun zeuden lanik gabe Azpeitian.

Uda hasi zenetik herrian jaso den daturik onena da; zehazki, ekainean baino 47 lagun gutxiago, uztailean baino 52 gutxiago eta abuztuan baino 46 gutxiago zeuden irailean langabezian. Are gehiago, 2020ko iraileko datuarekin alderatuz gero ere, behera egin du langabetu kopuruak: orduan 735 lagun zeuden lanik gabe, hau da, herritarren %10,2 zeuden lanik gabe. Beraz, urtebetean 2,8 puntu jaitsi da ehunekoa.

Dena den, generoaren arabera, alde nabarmena dago langabezian dauden azpeitiarren artean: gizonen artean %5,3 dira langabetuak, eta emakumeen artean, %9,8.

Azpeitiko langabezia tasa Urola Erdikoaren (%7,6), Gipuzkoakoaren (%9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoaren (11,1) azpitik dago, nahiz eta zenbateko horiek ere jaitsi egin diren iazko iraileko datuekin konparatuta.

Urola Erdiko herrietan ere antzekoa da joera; herri guztietan egin du behera langabetuen kopuruak urtebetean: 24 puntu jaitsi da langabeen tasa. Hala eta guztiz, 1.210 lagun daude lanik gabe gaur egun. Herri horien artean Aizarnazabal da tasarik altuena duen herria (%11), eta haren atzetik daude hurrenez hurren, Beizama (%9,1), Azkoitia (%7,9), Zestoa (%7,7), Azpeitia (%7,4) eta Errezil (%5,4).

Hona hemen eskualdeko langabeen kopuruak, herrika:

  • Aizarnazabal: 42 langabetu 2021eko irailean (iazko irailean baino 13 langabe gutxiago).
  • Azkoitia: 459 langabetu (iazko irailean baino 140 langabe gutxiago).
  • Azpeitia: 539 langabetu (iazko irailean baino 196 langabetu gutxiago).
  • Beizama: 5 langabetu (iazko irailean baino langabe bat gutxiago).
  • Errezil: 17 langabetu (iazko irailean baino bi langabetu gutxiago)
  • Zestoa: 148 langabetu (iazko irailean baino 30 langabe gutxiago)