Argazki erakusketa irekita hasi dira Munoandik antolatutako Gerra Zibilaren inguruko ekitaldiak

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 14a, 13:31

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Azpeitian Espainiako Gerra Zibilean Gipuzkoan izandako altxamendu militarraren eta faxismoaren aurka borrokan aritu ziren gudariak, milizianoak eta gizon-emakumeak omentzeko nahiz gertatutakoak oroitzeko. Atzo eman zieten hasiera ekitaldiei, Gerra Zibilari buruzko Berriro inoiz ere ez izeneko erakusketaren inaugurazioarekin. Erakusketa ikusgai izango da urriaren 24a bitartean, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan, 18:00etatik 20:00etara. 

Atzo zabaldutako erakusketaz gain, Loyola batalloiko komandante Juan Beistegiren memoriak jasotzen dituen liburuaren aurkezpena eta Gerra Zibilaren inguruko hitzaldia ere antolatu dituzte. Hain zuzen, Azpeitiko Munoandi kultur elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Sabino Arana fundazioak antolatu dituzte ekitaldiok. 

Hogeita bi panelek osatzen dute erakusketa, eta bertan 200 argazkitik gora ikus daitezke. Hainbat objektu ere jarri dituzte ikusgai erakusketa aretoan, esaterako presoen zerrendak, gutunak, Euzko Gudarostea Loiolan eratu zeneko akta eta gudarien txartelak. Euzko Gudarostearen Loiolako kuartelari lotutako dokumentuak beirazko arasetan jarri dituzte ikusgai. 

Hainbat herritar hurbildu zen atzoko inaugurazio ekitaldira, eta erakusketaren nahiz prestatutako ekintzen inguruan aritu ziren Ion Gambra Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura demokratikoaren zuzendaria, Mireia Zarate Sabino Arana fundazioko presidentea eta Iñaki Txapartegi Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidentea.

Antolatzaileek azaldu zutenez, erakusketaren helburua da "memoria historikoa berreskuratzea eta garai hartako protagonisten balentriak eta zoritxarreko gertaerak ezagutaraztea". Gipuzkoako Foru Aldundiak Juan Beistegiren liburuaren osaketan eta publikazioan jarri du bere alea. Memoria historikoa lantzearen garrantzia azpimarratu zuen Gambrak.

Gerra Zibilaren inguruko ekitaldiak ez dira Munoandik antolatutako ekintza bakarrak. Izan ere, gizarte eta politika arloko gaiak lantzeko eta horien inguruan hausnartzeko espazioak ireki nahi ditu elkarteak. Hori dela eta, askotariko gizarte gaiak lantzeko hitzorduak prestatu dituzte. Ander Ugarte Munoandiko kideak aurreratu zuenez, Saharako auziaren inguruko hitzorduak ere antolatuko dituzte urtea amaitzerako.  

Hurrengo hitzordua urriaren 19an izango da, Foru Ibilbideko areto horretan bertan. 19:00etan hasita, Loyola batailoiko komandante Juan Beistegiren 366 egun borrokan Euzkadiren alde. 1936-1937 oroitzapen liburuaren aurkezpena izango da. Gainera, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak Beistegiri buruzko solasaldia eskainiko du. Ondoren, Ione Zuloaga Aranzadi zientzia elkarteko kideak hitzaldia eskainiko du, Gerra Zibila Gipuzkoan: Azpeitiko kasua izenburupean.