Regla Hernandez: "Minbizia bezalako gaitzak saihesteko modu bat da ariketa fisikoa egitea"

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 14a, 11:10

Zumba eginez bularreko minbiziarekiko kontzientzia sustatzeko, Festa Arroxa egingo dute bihar, ostirala, Udal Igerilekuan. Regla Hernandez izango da saioaren gidarietako bat. 

Bularreko minbiziaren mamua gertutik bizitzea tokatu zaio Regla Hernandezi (Habana, Kuba, 1969). Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, Festa Arroxa egingo dute bihar, 18:00etatik, 19:30era, Azpeitiko Udal Igerilekuan. Hernandezek ondoen dakien moduan astinduko dituzte kontzientziak: zumba dantzatuz. BPXport enpresak eta Azpeitiko Kirol Patronatuak antolatu dute saioa, eta Hernandezekin batera, Lara Idoeta ariko da gidari lanetan. 

Zerekin egingo du topo Festa Arroxan parte hartzera animatzen denak?

Bularreko minbiziaren bueltan elkartasuna sortzea da asmoa; horregatik, denok kamiseta arrosarekin joango gara biharko saiora. Zumba klase bat egingo dugu, baina berezia izango da. Immunitate sistema indartzeko eta minbizia bezalako gaitzak saihesteko modu bat da ariketa fisikoa egitea; hori frogatuta dago. Hori hala izanik, herritarrei kirol berri bat probatzeko aukera emango diegu saioan. 

Milaka gaixotasun daude mundu honetan. Zergatik aukeratu duzue bularreko minbizia?

Nire amak bularreko minbizia du, eta oso gertutik bizi izan ditut gaitz horren gorabeherak. Neuk ere nodulo batzuk neuzkan bularrean, kaltegarriak ez ziren tumoreak, baina bazegoen horiek kaltegarri bilakatzeko arriskua. Dena den, desagertu egin zaizkit nodulo horiek, eta medikuek esaten didate ariketa fisikoak on egin didalako desagertu zaizkidala. Biharko saioaren bidez, ariketa fisikoak gaixotasunak saihesten laguntzen duela ospatu nahi dugu. Horregatik, ariketaren helburua da jendea motibatzea. Aurrez zumba probatu dutenek nahiz probatu ez dutenek, denek, parte har dezakete biharko ekintzan.

Biharkoa zumba klase berezia izango dela aipatu duzu. Zer landuko duzue?

Pisuak baliatuko ditugu, zumbatomic egingo dugu, lehiak geure artean... Saioa gidatuko dugun bi irakasleok estilo ezberdinak ditugu, eta bi estiloak ezagutu ahal izango dituzte partaideek. 

Elkartasun saioa izanagatik, Festa Arroxarekin ez duzue dirua biltzeko asmorik, ezta?

Ez, saioa doakoa izango da. Leku batzuetan egiten dituzte elkarteentzako diru bilketak, baina gure asmoa kontzientzia sortzea da, jendeari kirola ona dela erakustea... Bide ekonomikoa aukeratu beharrean, kontzientziaren bidea aukeratu dugu guk. Funtsean, minbiziari aurre egiten laguntzeko balio duen doako erreminta da kirola. 

Zer egin behar da saioan izena emateko?

Igerilekuko harrerara joan behar dute parte hartu nahi dutenek.