Gasteizko hilketa matxista salatu du Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2021ko urr. 12a, 13:30
Udaletxearen kanpoaldea.

Hildako emakumearen senideei eta gertukoei "elkartasuna" adierazi die erakundeak, eta azaldu du mugimendu feministak hilketa salatzeko antola ditzakeen mobilizazioekin bat egiten duela.

Gizon batek neska laguna hil du gaur goizean Gasteizen, eta Azpeitiko Udalak hilketa matxista hori "gogor" salatu du. Hildako emakumearen senideei eta gertukoei "elkartasuna" adierazi die erakundeak, eta azaldu du mugimendu feministak hilketa salatzeko antola ditzakeen mobilizazioekin bat egiten duela.

Udalaren arabera, gizonen eta emakumeen berdintasun gabeziatik sortutako "gizarte arazo larria" da indarkeria matxista. Erakundeak, gainera, giza eskubideen urraketak ez dituela onartzen "berretsi" nahi izan du; "ez Azpeitian, ezta beste inon ere". Horrez gain, ikastetxeetan bultzatutako hezkidetza programen eta beste hainbat ekimenen bidez, pertsonen arteko berdintasuna lantzen eta indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela esan du.

Halaber, urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea herritarren ardura ere badela gogorarazi nahi izan du erakundeak. Erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero, herritarrek Udaltzaingora (943-15 13 13), Ertzaintzara (943-08 37 80) edo larrialdi zerbitzuetara (112) dei dezakela jakinarazi du.